Maiatzaren 17an eta 18an eman beharko da izena Txurrumuskik udako antolatu dituen ekimenetan

Karkara 2017ko api. 24a, 17:14

Haurrak Udaleku Irekietako jarduera batean parte hartzen. (Txurrumuski)

Udako Txokoa, Udaleko Irekiak eta Gazte Abenturak antolatu dituzte uda sasoirako. Maiatzaren 17an eta 18an eman beharko da izena Orioko Kultur Etxean.

Uda gero eta gertuago da, eta herriko haur eta gaztetxoek oporraldian primeran pasa dezaten hainbat ekimen antolatu ditu Txurrumuski Aisialdi-Gazte Elkarteak.

Alde batetik, Uda Txokoa antolatu dute 2014 urtean jaiotako haurrentzat. Uztailean zehar, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara, haurrek jolas eta abestiz betetako jarduera ludiko-hezitzailean parte hartzeko aukera izango dute. Uda Txokoaren prezioa 85 eurokoa izango da.

Bestetik, 4-12 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat Udaleku Irekiak ere antolatu dituzte. Bertan, jolasak, tailerrak eta dinamika desberdinen bidez ongi pasako dute haurrek, uztailean astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara. Udaleku Irekien prezioa 80 eurokoa da.

Horrez gain, 12 urtetik gorako gazteentzat Gazte Abenturak antolatu dituzte, kirola, irteerak, igerilekuetara irteerak eta  beste hainbat txango egiteko. Abuztuaren 1etik 11ra egingo dituzte Gazte Abenturak; egun arruntetan ordutegia 09:00etatik 13:00etara izango da, baina tartean egun bereziak ere egingo dituzte jolas erraldoia, mendi martxak, espeleologia tailerra eta beste hainbat jarduera egiteko; egun horietan ordutegi trinkoagoa egingo dute. Gainera, azken hiru egunetan aterpetxe batean egonaldia egingo dute Gazte Abenturetan parte hartzen duten gazteek. Gazte Abenturen prezioa 105 eurokoa izango da,

Txurrumuskiren ekimenen batean parte hartu nahi dutenek maiatzaren 17an eta 18an, 17:30etik 19:30era Orioko Kultur Etxean eman beharko dute izena. Elkartetik jakinarazi dute, beharrezkoa dela izena emateko pausu guztiak eta egunak errespetatzea.

Izena ematerakoan hurrengo agiriak aurkeztu behar dira:

- Txurrumuskik Euskadiko Kutxan (Laboralean) duen 3035 0182 18 1820021770 kontu zenbakian diru sarrera egin behar da. Kontzeptuan haurraren izen-abizenak zehaztu beharko dira, eta izena ematerakoan gurasoek kultur etxean aurkeztu beharko dute agiria.

- Izena-emate orria beteta entregatu beharko da. Hori eskuragarri dago herriko ikastetxeetan, kultur etxean, ludotekan eta Gaztelekuan.

- Osasun txartelaren kopia.

Lan poltsa zabalik

Txurrumuskik udako ekintzetarako lan poltsa ireki du. Interesa dutenek hurrengo helbidean eman dezakete izena: Txurrumuski Kultur-Aisialdi Elkartea

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide