"Bidaiarekin oihartzuna eman nahi diot etorkinen sufrimenduari"

IƱigo Gaiton 2017ko mar. 30a, 13:33

Marokoko Taza herrirantz abiatuko da Hossain Kaanache apirilaren 8an. Korrika eta bizikletaz egin nahi ditu Orio eta aitona bizi den herriaren arteko kilometroak. Lanpetuta dabil egunotan, besteak beste, bidaia txukun grabatzeko modua topatu nahian, itzuleran dokumentala osatu ahal izateko.

Herrian dagoeneko entzun diot baten bati: hara, Hossainen beste harrikada bat... .

Kar kar kar... Ba bai ... Denok ditugu halakoak, ez? Harrikada baino, ametsa da niretzat, barru-barrutik atera zaidan proiektua.

Zein helburu du bidaiak?

Munduan gertatzen ari diren injustizien inguruko kontzientzia pizteko ahaleginean, nire hondar alea jarri nahi dut, inguru hurbilean eragiten saiatu.   

Ia 50 urte pasa dira gurasoak Marokotik Oriora etorri zirenetik; bidaia bera egitera zoaz kontrako noranzkoan, korrika eta bizikletaz.  

Gurasoek, etorkin guztiek bezala, asko sufritu zuten moralki, espiritualki eta psikologikoki. Eurak pairatutako minari oihartzuna eman nahi diot, nire ahalegin fisikoa metafora gisa erabiliz.  

Erronka fisikotik harago, beraz, aldarri kutsua ere badu proiektuak.

Bai, guztiz. Mundu justuago eta jasangarriago baten aldeko mezua zabaldu nahi dut.

Egungo injustiziekiko amorru edo suminduratik jaiotako bidaia da?

Ez, pena edo bihozminetik gehiago. Gizarteak duen norabidearekiko hausnartu eta erabaki sendoak hartzen ez baditugu, mundua pikutara joango da. XXI.mendean legezkoa da oraindik gari tonak erosi, gorde, eta Afrikan lehorte batek lehengaiaren prezio igotzen duenean, orduan saltzea. Gosea sortzeaz gain, bertakoak moralki hondoratzen ditu horrek. Legeek moralaren eta etikaren pare joan beharko lukete.

Eta dokumentalarena? Izena ere badu dagoeneko: 5560 laranja azal.

Nire gurasoek bidean pasa zituzten eskasia momentuekin du zerikusia tituluak. Azalduko dugu aurrerago.

 

 

Ibilbideko geldialdi batzuetan hitzaldiak emango dituzu.

Sortzen ari diren hezkuntza eredu berriei buruzko saioak izango dira. Nire lantokian, Agintzarin, egiten dugunaren berri ere emango dut: baldintza egokietan hazteko zailtasunak dituzten haur, nerabe eta umezurtzen errealitateaz arituko gara. Eskasiaren gaia ere landuko dugu ikuspegi ekonomikotik.

Bide zuzenena hartuta 1600 km izango zenituzke Tazaraino, baina 2600 trazatzea aurreikusten duzu.

Gurasoek egindako bidaian, bizitako esperientziengatik leku batzuk oso bereziak bihurtu ziren beraientzat. Toki horietako istorio asko kontatu dizkidate urteetan zehar, eta ezagutu egin nahi ditut. Lehengo etapan, kasu, Oriotik Donostiara joateko ia 100 kilometro egitea espero dut.

Zenbat denboran iritsi nahi duzu Marokora?

3 aste inguru beharko ditut, egunero 150-160 km eginda. Azkenean, denbora arazoengatik, korrika nahi baino gutxiago egingo dut eta bizikletan tarte gehiago.

 

 

Zurekin doa Amaia neska-laguna, logistikarekin laguntzera.

Bai, eta beste lagun bat ere bai, nik pasa diodan gidoia eskuan duela bidaiako esperientzia guztiak grabatzeko. Amaia eta biok logistika eta produkzio lan handia izango dugu: udaletxeetara deitu, sukaldean egin, lotarako lekuak bilatu ...

Prest zaude fisikoki? Entrenamendu bereziak egin dituzu?

Apirilaren 2an jokatuko den Espainiako duatloi txapelketa prestatzen ari naiz buru belarri. Ustez, nahikoa izango dut entrenamendu horrek emandako sasoi puntuarekin bidaia ondo egiteko; hori bai, sufrimendua ez dit ezerk kenduko. Gogorra izango da.  

Sare sozialetan aktiboa zara, eta asko erabiltzen dituzu bizipoza, errespetua, ilusioa, itxaropena, hezkuntza, iraultza ... bezalako hitzak. Zer da Hossainentzat zoriontasuna?

Egunero ohetik jaikitzeko ilusioa mantendu eta proiektu pertsonalak izatea: txakur bat hezi, liburu bat idatzi edo Everestera igo, edozerk balio du. Norbera benetan betetzen duten gauzak zein diren jakin eta horiek egiten bizitzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide