Herriarteko bertso txapelketako saioa izango da ostiralean Salatxo tabernan

Karkara 2017ko mar. 21a, 16:00

Errikotxia elkarteko bertsolariak

Orioko Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu taldea Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren bigarren fasea jokatzeko sailkatu da, beste hamaika talderekin batera.

Errikotxia elkarteko Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu taldea sailkatu da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren bigarren fasera. Guztira, 38 taldek parte hartu dute lehenengo fasean, eta hamabi taldek lortu dute bigarren fasea jokatzeko txartela.

Bigarren itzuliko lehen saioak asteburu honetan izango dira. Orioko taldeak ostiralean izango du bertso saioa Orioko Salatxo tabernan, 22:30ean hasita. Xabier Sukiak, Imanol Lizarazu Habana-k, Egoitz Eizagirrek eta Rosi Lazkanok aurrez aurre izango dituzte Urretxu-Zumarragako Gorka Azkarate, Maialen Akizu, Mikel Iturriotz eta Uxue Fernandez.

Finala maiatzaren 27an

Bigarren fasearen ostean erabakiko da finalaurrekoetara pasatuko diren lau taldeak zeintzuk izango diren. Finalaurrekoak maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira, Alegian eta Bergaran hurrenez hurren. Finalaurreko saio bakoitzeko garaileek parte hartuko dute Azpeitian maiatzaren 27an egingo den finalean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide