Komunikatu bat erabili du Ana Priedek bere abstentzioa argudiatzeko. Priederen esanetan, arrazoiak alkatearen lanerako gaitasun eza eta lan falta izan dira. Jose Anjel Zaldua jeltzaleak ez omen du lanik egin hondakinekin dauzkaten arazoak kudeatzeko.
Iaz, 2016an, hondakinen tasak eta zergak adosterakoan, aldaketarik nabarmenena zerbitzuaren kostuaren igoera izan zela aipatu du Priedek. %8an igo zela azaldu du eta horrek 0,77 euroko igoera ekarri duela hilero etxebizitza bakoitzean.
Orduan, Ana Priedek igoeraren aldeko botoa eman zuen, betiere hondakinen mahaia osatzeko eta gaia lantzeko baldintzarekin. Zegoen problematika konpontzeko eztabaidatzea ezinbestekoa zela uste zuen Priedek, eta, gainera, etorkizun laburrean gai horren inguruko hainbat erabaki hartu beharko zirela ikusita, gaia mahai gainean jartzeko beharra azpimarratu zuen PSE-EEko ordezkariak.
Lehentasunezko gaia zela uste du Priedek, baina, urte betera, ez da gaia landu. Eta, bere ustetan, ez dago horretarako aitzakiarik. Alkateari behin eta berriz eskatu dio gaiari heltzeko eta lanean jartzeko, denbora gehiago ez galtzeko, baina gaiak bere horretan jarraitzen du.
Hondakinekin ez ezik, alkateak Ordenantza Fiskalekin izandako jarrera ere kritikatu du Priedek. Ordenantzen negoziazio prozesua surrealista hitzarekin definitu du Priedek. Alkateak gainontzeko alderdiei bidalitako proposamenaren zirriborroa, barne erabilerarako dokumentu bat zela azaldu du PSE-EEko kideak. Datuak falta zitzaizkion txosten bat zela gaineratu du, gutxi gorabeherako apunteak zirela.
Baina, gainera, plenoa baino bi aste lehenago egindako bi bilerekin ezin direla Ordenantza Fiskalak landu esan du Priedek. Proposamen alternatiboak lantzeko denborarik gabe, negoziaziorik gabe eta udaletxeetako ohiko tramiteak jarraitu gabe ezin direla Ordenantza Fiskalak adostu azaldu du.