Xaltxa Badago jaialdia antolatu dute Xaltxerek

Karkara 2016ko aza. 10a, 12:30

Emakumeak eta espazio publiko gai hartuta, hainbat ekitaldi antolatu ditu talde feministak azaroan. Larunbat honetakoa, azaroaren 12koa da lehena: Xaltxa Badago jaialdia.

Urtebete inguruko ibilbidea egin du dagoeneko Xaltxerak taldeak berriz martxan jarri zenetik. Feministorioa eta LGTB eguna antolatu dituzte, besteak beste. Horrez gain, Balearen Egunean herriko saregileei omenaldia egin zieten. Orain, azaroaren 25a –emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna– dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte hilabetean zehar.

Emakumeek espazio publikoarekin duten harremanaz hausnartzea eta espazio hori okupatzera animatzea dute helburu Xaltxerek. Musikaren mundua oso maskulinotuta dago –diote Xaltxerek–; batzuetan konturatzen ez bagara ere, joaten garen kontzertu gehienetan oholtzara igotzen diren guztiak gizonezkoak dira. Horri buelta emateko eta emakumeek espazio publikoa okupatzeko Xaltxa Badago jaialdia antolatu dute. Azaroaren 12an, larunbatean, izango da jaialdia; arratsalde eta gau osoko egitaraua antolatu dute:

17:30 - Sexualitate tailerra - Salatxo aretoan
SexualitateaK: ereduak, desioak, gorputzak... eta gehiago Eider Goibururekin

19:30 - Bertsxortan emanaldia - Etxeluzen
Bertsoak, kantak eta antzerkia. Seriotasunari –batez– ere kritika.

23:00 - Kontzertuak - Etxeluzen
La Furia –Rap Feminista, Donostia–
Vinagre de Moderna –Punk-rock, Arratia–
Koxka Taldea –Euskal musika, Donostia–
Dr. Myrna –Musika dantzagarria, Orio–

Sexualitate tailerra eta Bertsxortan emanaldia doakoak izango dira eta kontzertuetako sarrerak 6€ balioko ditu.

Munduko eta herriko espazioa bereganatzen

Azaroako egitarauaren barruan, hilaren 15ean Emakume bidaiariak mahai-ingurua antolatu dute Salatxo Aretoan. Munduan zehar bidaiatzen aritu diren hainbat emakumek beren esperientziak kontatuko dituzte. Emakume izateak bidaiatzeko orduan dituen arriskuei eta sartzen dizkiguten beldurrei aurre egin eta mundua ezagutzeko nahia betetzen duten emakume ereduak ematea da gure helburua.

Azkenik, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean, azaroaren 25ean, kontzentrazioa egingo dute plazan. Ez da ohiko kontzentrazioa izango: 'women in black' mugimenduarekin bat egiteko, goitik behera beltzez jantzita etortzeko deia egiten diegu herriko emakumeei. Indarkeria matxistagatik izandako hilketak salatzea dute helburu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide