Ordenantza fiskalen harira eztabaida piztu zen bilkuran

Karkara 2016ko urr. 26a, 17:33

Gai guztiak onartu ziren udalbatzarrean. Lau aho batez eta bat gehiengoarekin. EAJren kudeaketak polemika piztu zuen. Gainontzeko alderdiek gaiak denborarekin lantzeko eskatu zioten Joxe Anjel Zalduari.

Ohi bezala, udalbatzarra, aurreko ohiko bilkurako aktaren zirriborroa onartzen hasi zen. Irailaren 27an egindako batzarreko akta aho batez onartu zuten, 12 aldeko botorekin. Horren atzetik, beste bost gai landu ziren, aurrekontu propioko kreditu baten eta ordenantza fiskalen eta bere eranskinen aldaketa. Mahaigaineratutako puntu guztiak gehiengoarekin onartu ziren.

Itsaspeko herri bide pribatuaren erabilera publikoa hizpide

Udalaren aurrekontu propioko kreditu bat aldatzea onartu zen, aho batez. Aldaketa, guztira, 128.891 eurokoa da. Diru kantitate horren zati bat, 15.000 euro inguru, Itsaspeko luizien konponketarako bideratuko dira. Horrek eztabaida ekarri zuen EH Bilduko Emeterio Iribarren eta EAJko Joxe Anjel Zalduaren artean.

Iribarrek bidea txukunduko dutenez, lurren jabearekin hitz egiteko garai ona dela proposatu zuen; eta, honela, jabearekin batera bertako erabilera erregulatzea. Izan ere, hesitu gabeko eremuan, herri bidean, animaliak izaten dituela aipatu zuen EH Bilduko zerrendaburuak. Beraz, obrak egingo dituztenek, jabearekin hitz egitea eta arriskua saihestea proposatu zuen.

Zalduak esan zion bertako jabeak eskubidea duela animaliak izateko. Herritarrak ibiltzen diren bidea pribatua dela; eta, bide pribatua izanagatik, erabilera publikoa duela. Hori dela eta, alkateak azpimarratu nahi izan zuen jabeak bidea itxiz gero, inork ezingo duela Itsaspera hortik joan. 

Hori horrela izan daitekeela onartu zuen Iribarrek. Baina, kasu horretan, Udalak ez lukeela gasturik egingo erantzun zion. Eta, berretsi zuen ondare pribatuan Udalak inbertsioa egingo duenez, une egokia dela jabearekin hitz egiteko eta elkarrekin adostasunera iristeko.

2016 urteko taxi-tarifa berberak 

Auto-taxi zerbitzuaren 2017 urteko tarifak adostu ziren ondoren. Puntu hau ere aho batez onartu zen, 12 aldeko botorekin. Hurrengo urtean taxi zerbitzuen tarifak 2016 urteko berdinak izatea erabaki zuten. Tarifak izoztuta jarraituko dute, iaz bezala. Hau da, 2015 urtetik ez dira taxietako tarifak aldatu.

Ia guztia izoztuta

Ordenantza fiskalen eta beren eranskinen aldaketak onartu ziren ondoren. 11 aldeko botorekin eta Ana Priederen abstentzioarekin onartu ziren proposamen guztiak. Eragina 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dute aldaketek.

Ordenantza fiskal ia guztiak izoztuta jarraituko dute, hauek salbu: OTAren udako eranskailuen prezioa 45 eurotik 60 eurotara igoko da; taxien urteroko kuota 65 euroetatik 75 euroetara igoko da; Orion erroldatzen direnek sei hilabete baino gutxiago pasatzen badituzte, 150 euroko tasa ordaindu behakro dute; zaborraren gaia urte bukaera baino lehen onartu behar da, baina oraindik gaia aztertu egin behar da; Antillako kabinetako dutxaren eta komunaren erabilera 20 zentimokoa izango da; txu-txu trenaren aldizkako erabilera 1,50 eurokoa izango da eta 10 bidaieko bonoak sei euro balioko du. Horrez gain, gai bakoitzaren inguruko batzordeetan ere hainbat erabaki hartu dira, arraunetxeko gelen erabilpena, besteak beste.

Lourdes Salsamendik proposamen bat egin zuen, museoko bisita debalde izatea. Miriam Urangak, legez, hori ezinezkoa zela esan zuen, museoa sare baten parte delako. Salsamendik, orduan, musu-truk egin ordez merkeago jartzea proposatu zuen, prezio sinboliko batean. Kultura arduradunaren ustetan helburua ez da diru-sarrerak izatea, baizik eta bisitariak edukitzea. Urangak hori berretsi zuen, baita gainontzeko alderdiek ere. 

Orainen 3.448,50 euroko dohaintza onartu zen

Orain udal talde politikoak egindako dohaintza aho batez onartu zen. Iaz, Eskola Kirolak izandako goraka ikusita eta zegoen eskariari erantzunez, saskibaloiko eta eskubaloiko materiala erostea erabaki zuen Udalak. Pasa den urtean saskibaloiko kanastak erosi ziren 1.549 eurotan. Aurten, Orainek minieskubaloirako ateak erosi ditu, 3.448 euroko balioa dutenak. 

EAJri kudeaketa hobetzeko eskatu zien gainontzeko alderdiek

Eskari eta galderen txandan, EH Bilduko Emeterio Iribarrek hartu zuen hitza. EAJri bilerak ondo planifikatzeko eskaera egin zien, saturazio egoeran baitaude eta, egungo erritmoarekin, gauzak lantzeko astirik ez baitute. PSE-EEko

Ana Priedek ere gai horri heldu zion. Alkateari arduratsua izatea eskatu zion. Ordenantza fiskalak onartu baino astebete lehenago jaso zituztela eta hori lan egiteko modua ez dela esan zion Zalduari. Alkate den heinean, bere eginbeharra betetzeko eskatu zion, lanaldi osoan liberatuta dagoela eta, ondorioz, lana ez egiteko aitzakiarik ez duela esan zion.

Basuren gaia mahai gainean horregatik gelditu zela gaineratu zuen Priedek, baita Iribarrek ere. Alkatearen kudeaketa txarra izan zen PSE-EEko buruarentzat gaia landu gabe gelditzearen arrazoia. Iaz musika eskolako gaiarekin gertatu bezala, aurten basuraren gaiarekin gertatu dela gaineratu zuen. Eta hori ez dela posible. Orain plataformakoek ere bat egin zuten beste alderdien esanarekin. 

Zalduak esan zien bera garaiz ibili zela. Ordenantza fiskalak guztien artean osatzeko asmotan, aspaldi proposamenak egiteko aukera eman zietela. EH Bilduk eta Orainek proposamenak egin zituztela eta, gerora, guztien proposamenak aintzat hartu direla.

Priedek esan zion arazoa ez dela guztien artean ez egitea. Zorionez guztien artean egin dituztela ordenantza fiskalak, baina, problema kudeaketa dela. Hori guztia kudeatzeko modua. Eta, eskatu zion, aurrerantzean gauzak denbora gehiagorekin lantzeko, honela berak ere proposamenak landu ditzaketela. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide