Duintasuna, Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen elkartea, Orion elkartu zen atzo, urriaren 18an. Salatxo aretoan egin zuten batzarra; hilero Gipuzkoako herri batean egiten dute. Batzarraren ondoren, elkarretaratzea egin zuten plazan, pentsio duinen alde.
1.080 euroko gutxieneko pentsioak eskatzen dituzte, Europako Karta Sozialean proposatzen den kopuru bera. Hori da, elkartearen ustetan, hemen eta gaur duintasunez bizi ahal izateko gutxieneko kantitatea. Bestalde, pentsioen kudeaketa integrala Euskadin egitea ere eskatzen dute, babes soziala eta mendekotasuna jasoko dituen erakunde publiko bat sortzea, alegia.
71.724 sinadura
Bi eskaera horiek Gasteizko Parlamentuan sartzeko sinadura bilketa egin zuen Euskadiko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak. Duintasuna elkarteaz gain, Arabako Pentsionistak Lanean eta Bizkaiko Pentsionistak Martxan elkarteak daude plataforma horretan. 71.724 sinadura lortu zituzten eta Legebiltzarrera eraman zituzten irailean.
Sinadura eman duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkie Duintasuna elkarteak, eta herri eta auzoetan pentsiodunen aldeko oinarrizko eskubideen aldeko deialdietan parte hartzeko gonbita luzatzen die herritarrei, etorkizun duin bat bermatu ahal izateko.
Lanean jarraituko dute
Jasotako babesa ikusita, pertsona helduen eta pentsiodunen beharren alde lanean jarraituko du Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak. Berrordainketa sanitarioaren kontra eta Menpekotasunaren Lege propio baten alde borrokatuko dute.