Burumakur, lur jota ikusten zitzaizun igandean...
Talde guztiak asko sufritu zuen gertatu ziren gauza guztiengatik. Taldekide bati arrauna atera zitzaion; eta, hain juxtu taldekide hori oso-oso maite daukagunez, berari gertatzeak guztia gaizkiagotu zuen.
Eta... urtea ikusita jendeak ezinezkoa ikusten zuen, baina iritsi egin gara Kontxara; ondo iritsi, gainera. Azken astea izugarrizkoa egin dugu, trainerua oso-oso azkar zihoan. Beraz, beroketan oilo ipurdia zegoen. Gaur gai gara, gaur irabazi egingo dugu, pentsatzen genuen. Baina guztia akatsik gabe egin behar genuen eta ez genuen horrela egin.
Lehen luzean ondo aritu zineten, ziabogaren ondoren iritsi ziren arazoak.
Lehorrean estropada imajinario bat lantzen duzu eta guk, uretaratzean, hori egin genuen. Lehen luzea paper gainean pentsatutakoa egin genuen: indartsu hasi, posible balitz aurrea hartu, morala hartu... Bagenekien Hondarribiak ziabogan puntu bat irabaziko zigula, baina hori lasai hartzea eta bueltan indarrarekin bukatzea zen asmoa. Baina, zer gertatu zen? Ziaboga hartu genuenean lagunari arrauna atera zitzaion eta guztiak onetik irten ginen: bata besteari begira hasi ginen, elkarri marruka, Kaiku gainera etorri zitzaigun, epailea garrasika hasi zen, baita Irakoitz epaileei ere... Azkenean bi minutu horietan arraun egin beharrean, Kaikuri, epaileari eta Irakoitzi begira geunden. Hondarribia nola joaten zitzaigun ikusi genuen. Bi minututan estropada hankazgora jarri genuen.
Eta, behin burua galduta, zaila berriz estropadan sartzea...
Arraunean ondo hasten bazara ondo bukatzen duzu, baina burua joaten zaizun momentuan oso-oso zaila da berriz ere lehen ondo egiten ari zinen lan horretara bueltatzea. Erritmoa, konpasa eta lasaitasuna berreskuratzea zaila da. Ez genuen bururik eduki.
Behin kolpea jasota, nola eman sentimendu gazi horri buelta?
Urte guztia daramagu kolpeak jasotzen. Larunbatean ilusioz joan eta kolpea hartu, igandean handiagoa hartu... Eta, astelehenean, buelta entrenatzera. Kontxakoa handia izan zen ikusi eta sentitu egiten genuelako kapaz ginela. Gauzak gaizki egin genituen, beraz, ez zaigu txandan lehenengo postuan bukatzea eta San Juani irabaztea besterik gelditzen.
San Juani irabazten ez badiogu denboraldia oso-oso eskasa izango da, inon ez baitugu erakutsi zertarako gai garen. Gorriz margotutako data guztietan kale egin dugu. Gure buruari hori eskatu behar diogu, bestela...
Kontxako sailkapen estropadan erakutsi zenuten irabazteko gai zinetela, baita aurreko bi asteburutan ere...
Azkenean urtea oso lasaia planteatu zen, oso Kontxari begira. Baina, bidean gauzak ez ditugu ongi egin. Kontxa baino bi aste lehenago gauzak pittin bat zuzendu dira eta traineruak puntu on bat erakutsi zuen. Sailkapen egunean oso-oso kontzentratuta joan ginen. Bagenekien zaila zela, gauzak ongi egin behar genituela. Eta hala egin genituen, berez, aurretik, ondo egiten ditugulako. Baina igandean ez zen horrela izan eta lehengokoan gelditzen gara, urte guztiko sentsazio eskas horrekin.
Orion arrauna bizi den moduan bizita, denboraldia nahi eta ezin konstantea izatea are pisutsuagoa egingo da, ezta?
Bai. Azkenean Oriok bere historia guztian mila talde desberdin izan ditu. Talde oso onarekin guztia irabazi da, baina kontrakoa ere gertatu da, banderarik ez da irabazi. Eta, niri, bietan egotea egokitu zait.
Ez dirudien arren, talde oso ona daukagu. 18-19tik 16 izugarriak dira. Etorri diren gazteak, badirudi gazte izate hutsagatik tosta oparitu zaiela; baina ez, meritu propioz daude hor.
Urtea horrela joaten denean ligako sailkapenak jartzen zaitu zauden tokian, 6-7. postuan. Orduan beste bide guztietatik hasten zara arrazoitzen, zure buruak ez duelako porrot hori ulertu nahi. Eta, Orio bezalako herri batean orduan hasten dira kritikak, begiratu txarrak, entrenatzaileari eta patroiari punta ateratzen, arraunlariei... Oriok hori du.
Baina, lehen esan dudan moduan, talde eskasagoarekin azkarrago ibili daiteke eta talde onarekin ez da beti asmatzen. Aurten, beste urte askotan bezala, ez da asmatu.
Zu harrobiko arraunlaria izanik nola ikusten duzu gazteek tokia izatea?
Aurten, Joxean etorri zenean, herriko arraunlariengatik apustu egingo zuela esan zuen. Azken lau urtetan gazteek ez dute aukera hori horren eskura izan. Baina, aurtengo gazteek oso proba onak egin dituzte, lehorrean, ergometroan. Gogo izugarriak dauzkate eta aldageletan asko ematen diete taldeari.
Bertakoak dira. Ilusioa ikusi egiten zaie eta transmititu egiten dute. Azaldu ezin den zerbait da bertako mutil baten ilusioa ikustean sentitzen dena. Harrobiko jendea beste gauza bat da.
Traineruan ekarpena egitea bezain garrantzitsua al da aldagelan taldeari zerbait berezia ematea?
Bai. Aldageletan saltsa egon behar du. Elkarri punta ateratzen diogun arren, beti egon behar du animatzen duen jendea, laguntzeko prest dagoena. Ordu desberdinetan entrenatzen dugunez gure artean komunikazioa egon behar du.
Aldagela, azkenean, familia bat da. Gauzak ondo doazenean, primeran; baina, gaizki doazenean, elkartu egin behar gara. Norbera bere etxera joanez gero, elkarri ez badiogu animatzen... jai daukagu.
Gazteek ez dute horrenbesteko porrota ikusten aurten, berak ilusionatuta daudelako. Ea datorren urtean, pentsatzen dute. Sinetsita daude buelta emango diogula. Adinean aurrera doazenek, beren azken arraun urteetan daudenek, aldiz, lortu ez izanaren arantza daukate.
Era berean, beteranoek ere ekarpena egingo dute aldageletan, ezta? Gazteei hankak lurrean izaten, adibidez.
Errespetua. Beste taldeetan egon direnak edo hemen bizi guztia daramatenak, gauza pilo bat irabazi dituztenak, mila estropada jokatu dituzte eta mila bataila igaro dituzte. Horiek euforiko zaudenean pittin bat lasaitzen zaituzte, hurrengoan animatu egiten zaituzte, beste batean estutu...
Joxean Olaskoagak dena irabazi du; Irakoitz Etxeberria liderra da, nahiz eta askok kritikatuko duten patroia delako eta beti jomugan dagoelako, baina gauzak gaizki joan direnean berak aurpegia eman behar du eta mutilak animatu behar ditu; adin gehiago dutenek ere ekarpena egiten dute, bai.
Denboraldia gazia izan dela diozu. Igandean txanda irabaziz gero eta San Juan atzean utziz gero, denboraldia ez zenuke horren iluna ikusiko?
Gerta daiteke igandean txanda irabaztea eta ondoren galerna altxatzea eta bandera irabaztea. Orduan denak poztuko ginateke. Baina ez dauka logikarik.
Igandean estropada ona eginez gero, momentuan gustura geldituko gara. Baina denboraldiaren balorazioak dagoeneko ez dauka notarik, eskasa izan da, oso eskasa. Eta, bereziki urria iruditzen zaigu ikusten dugulako gehiago egin behar genuela. Horretarako gaitasuna badaukagu, gainera.
Zaila izaten da gauzak okertzen direnean arrauna uztea. Buelta eman eta irabaztean, aparrean daudenean uzteko erabakia hartzen dute askok. Baina, orduan egoera baikorra denez, zaila izaten da uztea... Zuk ze asmo?
Neguan, lagun batekin korrika nenbilela, zera esan zidan: Aurten ez bada, hurrengoan, utzi egingo dut, andrearekin errietan nabil eta. Eta nik erantzun nion: Nik 40 urtera arte segiko dut! Hori neguan esan nion, baina udara hasi zen moduan hasita, esan nion etsitzen ari nintzela eta akaso nire azken urtea zela.
Hori zaila da. Orain Kontxa dator eta burua Kontxarako eduki behar dugu. Ea Kontxak datorren urtera begira zer ilusio sortzen digun, eta berriz hasiko gara, noski. Nik baietz uste dut.
Kontxa bukatutakoan nekatuta egoten zarete, arraunak itota. Neguan, ordea, lasaiago egoten zarete eta berriz hasteko gogoa izaten duzue...
Azkenean gurpil batean sartzen gara. Gehiegi zaintzen gara denboraldian zehar; ondoren, bi hilabetetan, usteldu egiten gara. Eta ispilura begiratu eta horrela ezin da bizi esaten dugunean entrenatzera bueltatzen gara. Eta, behin entrenatzen hasten zarenean, lagun artean, ilusionatu egiten zara. Gogorra da negua, baina niri asko gustatzen zait.