GuraSOS ekimenarekin bat

Karkara 2016ko eka. 14a, 08:23

Ekainaren 19an hesia osatuko dute Antiguotik Alderdi ederrera. Iñake Irastorzak, Eneko Balerdik eta Jose Luis Kortak babesa adierazi diote ekimenari.

Haurren babeserako Familia eta Gizarte Hesia antolatu du  GuraSOS taldeak igande honetarako, ekainaren 19rako. Donostian izango da ekimena eta euskal gizarteko aurpegi ezagun askoren babesa jaso du, tartean bi oriotar eta aiar batena: Jose Luis Korta, Iñaki Irastorza eta Eneko Balerdi.

Seme-alaben osasuna babesteko batu dira hainbat guraso, errauskailuak eragiten dituen arriskuak ez baitituzte onartzen. Proiektu hori alde batera uztea eskatzen du GuraSOSek eta, helburu horretan, Haurren babeserako Familia eta Gizarte Hesia ekimena antolatu dute igandean Donostian.

Erraustegiaren eragin-eremuan 201 ikasketetxe daude, 69.119 ikasle eta 10.000 unibertsitario. Haur eta gazte horiei, nahiz gainerako gipuzkoarrei, babesa adierazi nahi diete eta osasuna bermatu. Horregatik, GuraSOSek prebentzio eta babes printzipioak aplikatzea eskatzen du, hots, erraustegiaren proiektua alde batera uztea.

Hesia ekainaren 19an osatuko da. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da Antiguoko tuneletik, Kontxako pasealekutik barrena, Alderdi ederreraino. Familiak bata bestearen atzetik jarriko dira, ilaran. Eta, amaieran, ekitaldi txiki bat izango da. Familia hesiarako kartela inprimatzea eta norbere herri, ikastetxe eta lantokian jartzea eskatzen dute antolatzaileek, eta, noski, egunean bertan Donostiako badiara joatea ere animatu nahi dituzte oriotarrak.

Ekitaldi honetara nagusiak eta seme-alaba zaharrenak beltzez jantzita joatea eskatzen du antolakuntzak; eta, seme-alaba bakarrak eta txikienak txuriz jantzita joatea. Haurrak, gainera, babes moduan, zapi gorria emango dute maskara bat balitz bezala. Honela jantzita GuraSOSen logoa irudikatu nahi dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide