Erraustegiaren eraginaz kezkatuta

Karkara 2016ko mai. 30a, 16:08

Zubietan eraikitzera doazen erraustegiak haurrengan, bereziki, izango duen eraginaz kezkatuta  GuraSOS elkartea sortu dute. 30 kilometroko eragin eremua izango du erraustegiak eta Aia eta Orio eremu horren barruan daude.

Errauskailua edozein zabor erretzeko labea da. Gaur egungo erraustegiek, osasunerako kaltegarriak liratekeen isuriak ahalik eta txikienak izateko, filtro eta mekanismoak martxan dituzte. Baina tresneriaren funtzionamendu txarrak, eskuzko lanen akatsek, kostu ekonomikoen jaitsierek eta mantenu edo garbiketa ezegokiek isurketa toxikoak handitu ditzakeela kontuan izan behar da.

Isurketa horiek eta, oro har, erraustegiak osasunean izan ditzaken eraginarekin kezkatuta, guraso, aiton-amona, osaba-izeba eta hainbat herritarrek GuraSOS elkartea sortu dute. Gipuzkoako Aldundiak Biodonostiarekin azterketa epidemiologikoa egin izanak osasuna arriskuan dagoenaren aitortza inplizitua dakarrela diote. Kezka horien oinarrian, erraustegiaren eragin eremuan bizi diren pertsonen osasunak izan ditzakeen arriskuak daude.

30 kilometroko eragin eremua

Eusko Jaurlaritzak erraustegiak ingurunean izango duen eraginari buruzko adierazpenean jasotzen den kutsaduraren sakabanatze-atmosferikoaren azterketaren arabera, erraustegiaren eragin eremua 30 kilometrokoa izango da. Eremu horretan 201 ikastetxe daude, hau da, 69.119 haur eta nerabek egiten dute bertan eguneroko bizia.

Erraustegiaren eragina noraino helduko den erakusteko eragin-mapa bat osatu du GuraSOSek –16. orrialdean– eta eragin eremuan dauden hezkuntza zentro guztiak kokatu dituzte bertan. Bost kilometroko erradioan, eragin gehien izango duen gunean, bost herri –Lasarte, Usurbil, Andoain, Urnieta eta Hernaniren zati bat– eta  26 ikastetxe daudela ikus daiteke mapan. Aia eta Orio ere 30 kilometroko eremu horretan kokatzen dira.

Informazioa jaso eta partekatu

Erraustegiaren inguruko informazioa jaso eta beste gurasoekin partekatzea da elkartearen helburuetako bat. Horregatik, hainbat mediku eta zientzialariekin jarri dira harremanetan eta erraustegiari buruzko abezea osatu dute.

Informazio hori jaso eta partekatzeko helburuarekin jardunaldia egin zuten maiatzaren 22an. Ehunka familia, guraso eta osasuneko eta hezkuntzako profesional bildu ziren. Fernando Palacios CSIC-eko –Ikerketa Zientifikoen Goi Zentroa– zientzialari titularrak eta Iñigo Suberbiola GEIS/OITE-ko –Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea– medikuak hitzaldi bana eman zuten. Horren ondoren, hiru mahai inguru egin zituzten: ikerketa eta osasun foroa, hezkuntza foroa eta gizarte foroa.

Ikuspegi mediku eta zientifikoa

GEIS/OITE taldeak ikuspuntu mediku eta zientifikotik aztertu ditu erraustegiak izan ditzakeen eraginak. Suberbiolaren arabera, errauste planta guztiek –berriak izanda ere– gai tokiko eta kutsatzaileak isurtzen dituzte ingurura. Osasuna inguruneari zuzenki lotuta dagoenez –giza minbiziaren %90 baino gehiago inguruneko faktoreen ondorio dira–, isurtzen diren gai toxiko horiek patologia anitzak eta minbiziak sor ditzakete. Toxiko horien dosiek, legearen mugen barruan izanagatik ere, gaixotasunak areagotzea eragin dezaketela azpimarratzen du Suberbiolak.

Palaciosen arabera, errausketak gai arriskutsu ugari pilatzen ditu erraustegien inguruetan. Airean ez ezik, uretan, landareetan eta lurrean egoten dira gai toxiko horiek eta, oro har, kontsumitzen ditugun janarietan eta gure gorputzean metatzen dira.

Errausketa prozesuan hainbat sustantzia sortzen dira eta hiru multzotan banatzen dira: zepak –erretakoan labean gelditzen dena–, errautsak –tximiniaren iragazkietan jasotzen dena– eta gasak. Lehenengo biak dioxina eta metal astunez osatutako hondakin toxikoak dira; zabortegi berezietara eraman behar dira horiek, eta luzera kutsakorrak izango dira.

Tximiniatik aireratzen diren gasek honako sustantziak dituzte: mikropartikulak –arnas aparatuaren gaixotasunekin lotzen dira–, metal astunak –artsenikoa, merkurioa, beruna, kromoa, kadmioa...–, dioxina eta furanoak –naturan sute eta sumendietan bakarrik sortzen dira eta ezabatzeko oso zailak dira–, gas kutsakorrak –negutegi efektua sortzen dutenak, adibidez– eta produktu ezezagun ugari.

Manifestua

Manifestu bat ere prestatu du GuraSOS elkarteak, beren kezkak eta nahiak adierazteko. Manifestu horretan erraustegiak haur eta gaztetxoen osasunean izango duen eraginaz duten kezka agertzen dute. Gizartea eta haren ordezkariak ados jar daitezen eskatzen dute, inoren osasuna arriskuan jarri gabe arazoari irtenbidea emateko.

Sinadurak biltzen ari dira, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari helarazteko. Gaia despolitizatzeko, haur eta gaztetxoak babesteko, eztabaida gizarteari bueltatzeko eta, halaber, erraustegiaren asmoa alde batera uzteko eskatzen dute manifestuan, 3035 sinadura inguru dituzte gaur gaurkoz.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide