Ostiralean botako dute txupinazoa, eta orduan hasiko da festa. Arratsaldeko 19:00etan izango da hori. Txupinazoan buruhandiak izango dira eta trikitilariekin kalejira ere egingo dute ondoren. Gero, 20:00etan, trikipoteoa izango da Gari eta Iñakirekin.
Larunbatean goizean goiz hasiko dute festa, 10:00etan. Diana izango da trikitilariekin eta kalejiran ibiliko dira auzotik. Ondoren, 11:00etan, puzgarriak, apar festa eta jolasak izango dira txikienentzat. 11:30ean jubilatuen hamaiketakoa izango da Kaiua tabernan. 12:00etan sardina jana egingo da eta sagardoa txotxetik edateko aukera ere egongo da. 12:30ean tortilla patata prestatzeari ekingo diote. Behin tortillak prestatuta dastaketa egingo da. Tripak ondo beteta, musean jokatuko dute. Mus txapelketa izango da 15:30ean. 17:00etan haur jolasak izango dira. Puzgarriak izango dituzte saltoka aritzeko eta txokolate-jana ere izango da. Jarraian, 19:00etan, Errebal taldearekin dantzan aritzeko aukera izango da. 21:30ean auzotarren afaria izango da, bertso kantuz alaitua. Eta, festei bukaera emateko, 23:00etan, Xabier Arostegi DJa izango da.
Sari potoloak mus txapelketan
Zortzigarrenez antolatuko da mus txapelketa. Izen ematea egun berean izango da, txapelketa hasi baino lehen. Bikoteko 25 euro ordaindu beharko dira, 12,5 euro buruko. Txapelketa 15:30ean hasiko da eta sari potoloak egongo dira jokoan.
Irabazleek bi txapel, bi taila eta 500 euro lortuko dituzte. Txapeldunordeek bi taila eta 250 euro. Hirugarren sailkatuak 100 euro eta laugarren bikote sailkatuak 50.
Kaiuak agur esango du
Ekaina izango da Kaiua tabernako egungo nagusien lanerako azken hilabetea. Kaiuako lagunek ateak itxiko dituzte. Beren azken egun hauetan festak izango dituzte auzoan eta auzotarrez agurtzeko aukera izango duten arren, lerro hauetan Anibarko Portuko jendeari agur esateko eta eskerrak emateko aukera ez dute galdu nahi izan. Lau urte polit izan direla gaineratu dute tabernariek eta guztiz eskertuak daude jasotako tratuagatik.