Noiz hasi zinen antzerkian?
Lehenago ikasketak egin nituen arren, irakaskuntza lehendabizi eta pedagogia ondoren, Donostiako Antzerki Eskolan izena ematera animatu nintzen. Aldaketa bat nahi nuen, eta antzerkian aurkitu dut bilatzen nuen hori.
Gustura zabiltza, orduan.
Bai, oso. Hasi nintzenetik antzerkira oso lotua sentitu naiz. Iaz amaitu nituen antzerki ikasketak eta orain lantxo txikiak egiten nabil.
Obra honekin, Inklusioaz, formatu txikian, noiz hasi zineten lanean?
Zuzendaria aurretik ezagutzen nuen. Lagunak gara Alex Tello eta biok, eta lehenago Jendartean bidaide izeneko antzezlana egin genuen. Obra horretan jende gehiagok hartzen zuen parte. Batetik bestera mugitzeko ez zen obra erraza,eta, orduan, adaptazio moduko bat egin du.
Formatu txikira ekarri du...
Hori da. Eta hori litzateke bihar –gaur, ostirala, ekainak 10– Orion eskainiko duguna. Obra horren jarraipena-edo litzateke.
Izenburuak dioen moduan, inklusioaz ariko zarete, ezta?
Hori da. Xanti eta biok antzezle lanak egingo ditugu; baina, horrez gain, beste bi neska ere izango dira taula gainean. Horiek zeinu hizkuntzan azalduko dute guk hitzez esaten duguna.
Bestelako antzerkietan ez bezala, zuenera gor-mutuek ere joan ahal izango dute, beraz.
Aukera izango dute horiek ere antzerkira joateko. Eta hori da politena, aukera edukitzea.
Inklusioaren gainean arituko zaretela diozu. Spoilerrik kontatu gabe, zer gehiago kontatu dezakezu?
Antzezlana bi lagunen arteko elkarrizketa bat da. Ez dauka hasiera eta bukaera bat, bizitzaren pasarte bat bezala da, bizitzaren zatitxo bat. Publikoak gaiaren inguruan hausnartzea da bilatzen duguna.
Eta zelan sentitzen zara gai hori oholtzaratzen?
Oso gustura sentitzen naiz. Gainera, taldekideon artean ere harreman polita daukagu, oso ondo moldatzen gara.
Zer esango zenieke oriotarrei antzezlana ikustera joatera animatzeko?
Ez da bizitzaren gainean asmatutako istorio bat. Errealitatean oinarrituta dago antzezlana eta errealitatearen isla da kontatzen duguna. Oso interesgarria da, gai asko tratatzen baitira: generoa, bullyinga, minusbaliak... denetik. Ondo pasatzeko aukera ematen du. Ez da komedia, ez da drama... baina ondo pasatzeko eta hausnartzeko balio du.