Oinez, zaldiz edo bizikletaz gain, itsasotik ere egin ahal izango da Donejakue bidea denboraldi honetatik aurrera. Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadiko hainbat kirol portuk hitzarmena sinatu dute Konpostelako artxidiozesiarekin itsas erromesaldia arautzeko. Hainbat saiakera egin dira orain arte bidea itsasoz egiteko –2007an, adibidez, oriotar batzuk traineruarekin joan ziren Santiagora–, baina orain arte elizak ez zuen egiaztagiririk ematen. Hemendik aurrera, lurretik joaten direnen akreditazio bera jasoko dute itsas-erromesek.
Hondarribitik hasi eta A Coruñaraino, North Marinas elkarteko kide diren 17 portuetan zigilatu ahal izango da Konpostelako akreditazioa. Euskal kostan zazpi izango dira zigilua jartzeko portuak: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Deba, Mutriku eta Bermeo. Egiaztagiria jasotzeko baldintza bakarra gutxienez 150 itsas-milia –280 kilometro– nabigatzea da, eta edozein ontzi motarekin egin daiteke.