Euskarazko liburuak irakurtzea helburu duen egitasmoa

Karkara 2016ko api. 7a, 08:22

Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa hirugarrenez egongo da Orion. Apiriletik maiatzera bitarte egingo da, baina liburuak ekainean ere erosi ahal izango dira.

Topaguneak antolatu du Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa, Udalekin eta herrietako liburu-dendekin batera. Guztia 50 herritan egingo da, tartean Orion, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzeko helburuarekin. Hirugarrenez egingo da egitasmoa, eta apirilean hasi eta maiatzan bukatuko da.

Gaur egun euskaraz irakurtzeko aukera dute haurrek eta helduak. Baina, aukera eduki arren, askok ohiturarik ez daukate. Kanpaina honen bitartez oriotarrak euskarazko liburuak irakurtzera eta gozatzera animatu nahi ditu, irakurtzeko ohitura sortu.

Irakurtzera bultzatzeaz gain, egitasmoak herritarrak udal liburutegira hurbiltzea eta herriko liburu-dendetan euskarazko liburuen kontsumoa sustatzea ditu helburu.

Hiru pauso besterik ez

Egitasmoan parte hartzeko hiru pauso egin behar dira. Irakurri, gozatu eta oparitu, izenak dioen bezala. Irakurtzea lehen pausoa da. Euskaraz irakurri beharko da. Horretarako liburutegiko edozein liburu maileguan eskatu beharko da. Ondoren, liburua irakurtzen gozatzea da asmoa. Liburua irakurri ondoren liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko da. Irakurritako liburuaren izenburua eta iritzia eman beharko duzu. Behin fitxa beteta, liburuzainak erosketa-txeke bat emango dizu, %35eko deskontuarekin, Orioko liburu denda batean euskarazko liburu bat erosteko. Azken pausoa erositako liburu hori oparitzea da. Oparitu diezaiokezu lagun bati, senide bati, gertukoren bat edo zeure buruari.

Egitasmoa maiatzaren 31n bukatuko da, baina erosketa-txekeak liburu-dendan erabiltzeko epea ekainaren 11 artekoa izango da. Liburuak sOrioko hiru dendatan erosi daitezke Ontza liburu denda, Iturain estankoa eta Mauka paper dendan.

 
 
 
 
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide