Igoera fasean, emaitza paregabea

Karkara 2016ko mar. 8a, 11:45

Asteburu grisa izan da Orioko Futbol Taldearentzat. Ohorezko erregionalek, erregionalek, ohorezko jubenilek eta ohorezko infantilek galdu egin dute. Kadeteek, ordea, garaipen oso ona lortu dute.

Aldeko markagailurik ez dute ikusi oriotarrek etxean. Mendibeltz futbol zelaian jokatutako bi partidetan, markagailuan tarte handiarekin galdu zuten partidua oriotarrek. Ohorezko erregionalek 1-3 galdu zuten Real Union taldearen kontra. Etxeko taldearen gola Iker Urdangarinek sartu zuen, eta aukera izan zuten arren gol gehiago sartu eta markagailuan aurrea hartzeko, ez zituzten aukerak baliatu eta partiduaren hondarretan Real Unioneko jokalariek hiru puntuak eman zizkieten golak sartzea lortu zuten. 

Ohorezko infantilek ere etxean jokatu zuten Antiguokoren kontra. Kasu honetan ere markagailuak ez du partidan gertatutakoa islatzen. Izan ere, alde handiagatik irabazi zuen Antiguokok, 0-3, baina jokoan aldea ez zen horren nabarmena izan. Jarrera ona izan zuten, azaldu dute zuzendaritzako kideek. Aurkari oso gogorra da Antiguoko eta eskertu egin nahi diegu jokalariei izan zuten jarrera.

Ohorezko jubenilek Kostkas taldearen kontra jokatu zuten. Hauek ere hiru goleko aldeagatik galdu zuten partidua, 3-0.

Erregionalek kopako partidua jokatu zuten Donostian, Amara Berri taldearen kontra. Epailearen lana salatu dute Orioko zuzendaritzako kideek. Epailearen lan kaskarrak partida erabakita utzi zuela azaldu dute. Oriotarrek sartutako gol bat baliogabetu egin zuen, hasieran gol adierazi eta gero. Ondoren, Amara Berrikoek gola sartu zuten eta 1-0 emaitzarekin bukatu zen partidua.

Infantilek atsedena izan dute asteburuan, baina asteburu honetan berriz ere martxan jarriko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide