Bi estropadatan hiru garaipen

Karkara 2016ko mar. 7a, 16:57

Argazkia: Baleike

Gipuzkoako Batel Ligako bi jardunaldi izan dira asteburuan. Larunbatean Hernanik antolatutako estropada izan zen Loiolan eta igandean Zumaiak antolatutakoa Zumaian bertan.

Larunbateko estropada eguerdian hasi zen, 12:30ean. Eguraldi deserosoa egiten zuen arren, arraunerako baldintzak ez ziren horren kaskarrak. Euria egiten zuen, bai; baina ibaiak ez zuen korronte handirik. Oriok hamaika batel aurkeztu zituen.

Hamaika baten horietatik arraun egiten lehenak emakumezko infantilak izan ziren. Hirugarren egin zuen kategoria horretan A taldeak eta zortzigarren B taldeak. Kadeteek egin zuten gero arraun. A taldeak bosgarren egin zuen eta B taldeak hamaikagarren.  Jubeniletan bigarren egin zuten oriotarrek.

Gizonezkoetan, infantiletan, A taldeak bigarren egin zuen, B taldeak laugarren eta C taldeak hamalaugarren. Gizonezko kadeteetan lortu zuten zotzigarren jardunaldiko garaipen bakarra. A taldea izan zen kategoria honetan irabazlea. 7:16:47 denboran egin zuten ibilbidea, bi luze eta ziaboga batekoa. Atzetik San Juan sailkatu zen segundo bat eta hogei zentesimara. B taldeak hamahirugarren egin zuen eta C taldeak hamabosgarren.

Igandean Zumaian jokatu zen estropada, goizeko 11:00etan. Zumaiara ere Orioko hamaika batel etorri ziren. Infantiletan, emakumezkoetan, A taldeal laugarren egin zuen eta B taldeak seigarren. Kadeteetan txapeldun izan ziren oriotarrak, Hibaikaren aurretik, sei segundoko aldea aterata oreretarrei. B taldeak bederatzigarren egin zuen. Jubeniletan ere txapeldun gelditu ziren oriotarrak. 9:33:00 denborarekin, lau segundoko aldea atera zioten bigarren sailkatu zen San Juani. 

Gizonezkoetan, infantiletan, A taldeak bigarren egin zuen eta B taldeak laugarren. Infantiletan, ontzi mistoak, hamabosgarren egin zuen. Kadeteetan A ontzian bigarren sailkatu zen, B ontzia hamaseigarren eta C batela hamazazpigarren.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide