Oriaren Jaitsiera

Ez da jaitsierarik izango

Karkara 2016ko mar. 3a, 07:30

Eguraldiagatik bertan behera gelditu zen pasa den larunbateko estropada. Egutegia zehaztuta egoteak eta espainiar estatuko hainbat txokotatik arraunlariak etortzeak ez du ahalbidetzen Oriaren XXII. Jaitsiera beste data batean egitea.

Ilusioz zeuden Orioko Arraunketa Elkarteko zuzendaritza taldekoak bezperetan, baita herriko arraunlari eta arraunzaleak ere. Berezia da jaitsiera. Polita da herrian sortzen den giroa. Bestelakoa da arraunak hartzen duen protagonismoa. Oriaren Jaitsieran arrauna ardatz duen jai handia da, baina aurten, ez da jaitsierarik izango. Hori erabaki dute. 

Pasa den larunbatean zen egitekoa Oriaren XXII. Jaitsiera. Eguraldi txarra medio, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren gomendioak jarraitu eta hitzordua bertan behera uztea erabaki zuen zuzendaritzak. Izan ere, uretako kirol jarduerak ez egiteko agindu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak, baldintzak arriskutsuak baitziren. 

Orioko proba ere bertan behera gelditu da, eta antolatzearen ilusioaren ondotik bertan behera gelditzearen pena etorri da. Indarra hartzen joan den estropada izanik, hauspotzen joan dena, pena da aurten jaitsierarik ez egotea. Atsekabea sorrarazi die Orio Arraunketa Elkarteko kideei bertan behera utzi behar izatea.

Joan den larunbateko estropada bertan behera gelditu zen. Eta hitzordua ez dute dataz aldatu. Hau da, aurten, ez da jaitsierarik izango. Batetik, denboraldi hasieratik arraun egutegia zehaztuta dagoelako eta asteburu honetan proba duten bezala, aurrerantzean ere batel liga eta beste hainbat estropada izango dituztelako. Bestetik, jaitsierara Galiziako, Kataluniako eta Andaluziako arraun taldeak etortzen dira, eta horiek berriz etortzea oso zaila da.

Dena den, kanpotik etorritakoek aprobetxatu zuten egonaldia. Arraun ez egin arren, Orio ezagutzeko eta jai giroan gozatzeko aukera izan zuten. Joxe Anjel Zaldua alkateak azaldu bezala, garrantzitsua da kanpotik etortzen direnei Orion ondo pasatzeko aukerak eskaintzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide