Carrera: "Hurrengo pausoek kezkatu egiten naute"

Karkara 2016ko ots. 29a, 14:27

Bere aitak Mutiozabal ontziolan egin zuen lan. Ontzigintzarekiko zaletasuna odolean darama Ramon Carrera Txankak. Pozik dago Mutiozabal erosi dutelako, baina ontziolaren etorkizunak arduratu egiten du.

Aitagatik duzu gertuko Mutiozabal.

Aita 25 urterekin hasi zen hemen. Lehenago Ortzaikan egiten zuen lan, baina hemen ontzi handiak egiten hasi zirenean han fundamentua gutxitu zen. Mutiozabal, orduan, Ostolazaren Astilleroa zen eta aita orduan etorri zen. 25 urterekin egin zuen aitak lehendabizikoz itsasontzi bat. Aitagatik jaso ditut Mutiozabalen egin ziren itsasontzien planoak.

Eta zuk?

Guk ez dugu hori ezagutu. Galizian ibili ginen, han egin baitzuten Gure Nahia. Donostiarako, baina txikia. Aitak plantillak egin zituen, eta hortik abiatu ginen, baina bera hil eta urte betera bukatu genuen.

Ontzigintza asko aldatu da, ezta?

Nik ikusten nuen hortik ezin zela bizi. Umerik ez baduzu, agian; baina familia baduzu, ez. Azken ontzia nik zazpi urte nituela egin zuten. Sei-zazpi langile finko inguru zeudela esaten dute, eta, gero, neguan, laguntzera arrantzale gehiago joaten zirela.  

Orain begira, ia erortzear dago Mutiozabal.

Etsituta negoen. Saiatu ginen hori berreskuratzen, baina ez zela hala izango uste nuen. Pena ematen zidan horrela egotea.

Bideragarritasuna ikusten diozu? Zein erabilera izango duela uste duzu?

Museo bizia izateko asmoa dutela esan ziguten. Eraikina txukun jarrita, txarrena da egurrak ontzigintzan ez duela etorkizunik. Gaur egun jendeak ez du egurrezko ontzirik nahi, kapritxoagatik ez bada. Egurrezko gehienek ere plastikoa daukate emanda. 

Hurrengo pausoek kezkatu egiten naute. Entzun ditut kontuak, baina ez dakit. Ez dakit zer erabilpen emango zaien. Munduan eskola bakarra dago, Quebecen.Etorkizuna izango balu toki gehiagotan egongo litzake. Ez dakit. 

Baina berreskuratzeak ilusioa egingo zizun, ezta?

Bai, azkenengoa delako, eta gure herriaren historiaren parte delako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide