Ontziola Orioko plazaren aurrez aurre dago, errioaren beste aldean. Dirudienez, ontziolaz jabetzearen helburua da han aurrerantzean itsasoko ontzigintzari lotutako jarduerak antolatzea: ontziak konpondu, erakusketak, ikastaroak… Alkateak esan zuenez, lehenengo, eraikina eraberritu eta sendotu egingo dute, ondoren ontziolari bizi berria emateko.
Denis Itxaso kultur diputatuak, hitzarmena sinatzeko ekitaldian, adierazi zuen Gipuzkoak harreman estu-estua izan duela beti itsasoarekin, Gipuzkoan ondare kultural eta historiko handia dugula, gure izaera eta nortasuna itsasoari lotua dagoela eta horri eutsi egin behar zaiola, bizirik dagoena eguneratuz; eta horregatik lagundu nahi dutela Mutiozabal biziberritzen. Erantsi zuen horrek bide batez balioko duela Orioko herriari kultura eta turismo alorreko baliabide eder bat emateko, eta kanpoko jendea erakartzeko.
Itsasoari lotutako jarduerak
Azken urteotan, Gipuzkoan nabarmen zabaldu dira itsasoari begirako ekimenak. Itsasoaren berpizkunde horretan eragin nabarmena izan dute Donostiako kaian dagoen Untzi Museoak eta bertako zuzendari Jose Maria Unsain oriotarrak, eta Aquariumeko Ozeanografia Fundazioak.
Pasai San Pedron Albaola ontziola zabaldu dute. Han, itsas ondarea berreskuratu nahi dute eta jende aurrean jarri. Besteak beste, XVI. mendeko San Juan ontziaren erreprodukzioa ari dira egiten, garai hartako teknikak eta lanabesak erabiliz. Ontzia Pasaian uretaratu zen 1563an eta Kanadako kostaldean hondoratuta dago. Bertan dihardu lanean Esteban Gozategi Karraballo oriotarrak.
XVI. eta XVII. mendeetan euskal arrantzaleek balearen atzetik joanda Kanadako kostaldean osatutako epopeiaren berri jakiteko, funtsezkoa izan da Selma Huxley ikerlari kanadarrak egindako lana. Selma Oñatiko artxibategiko dokumentuak aztertzen aritu zen urte askoan, 1970 eta 80ko hamarkadetan. Garai hartan Orioko herrian ere sarritan izan zen Huxley andrea, balearen arrantzaren historiaren arrastoan. Azken urteotan hainbat omenaldi egin zaizkio emakumeari: Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Aquariumak…
2014an, Lourdes Odriozolak idatzitako Mutiozabal, constructores navales del Oria (1775-1931) liburua argitaratu zuen Ozeanografia Fundazioak. Liburua plazaratzeko laguntza handia eman zuen Fundazioko presidente Vicente Zaragueta zenak, ideiaren berri izan zuenetik. Liburua idazteko bidean, Jesus Mari Perona eta Jose Luis Arin oriotarrak laguntzaile izan zituen Odriozolak, baita Zarautzen bizi diren mutiozabaldarrak ere. Liburuan agertzen diren barkuen planoak Peronak topatu zituen Orioko Mutiozabal etxean. Planoak izan ziren gerora liburu bihurtuko zenaren abiapuntu. Handik abiatuta, idatzi zuen Odriozolak Oriako ontziolen historia jasotzen duen liburua. Planoak orain Ozeanografia Fundazioan daude jasota.
Perona itsasontzi zale amorratua da eta urteak daramatza ontzien maketak egiten eta Orian egindako ontzien historia aztertzen. Orain prest dauka liburu bat argitaratzeko: Mirada a las Naos vascas del siglo XVI. Liburuan ageri diren ontzi haietako asko Oria errioko ontzioletan eraiki ziren.
Orioko ontziolen historia
Euskal Herriko ontziolen historian, Oria ibaiko ontziolek leku garrantzitsua daukate. Haietako asko Orion bertan egon ziren, XVI. mendetik XX.era bitartean, Oriaren bi ertzetan, Aginaga eta itsasoa bitartean.
Orion, errioaren eskuin aldean, bat Elizarena zen: Orioko Erriberakoa –XVII.-XVIII. mendeetan, Arostegi tailerraren parean–; beste bat, Udalarena –XVI.-XIX., moilan, gaurko Aterpe tabernaren aurrean–; Dike –1785-1923–; Ortzaika –XX.–; Zalmaizti –XIX.–; eta Saikola –XVII.-XIX.–.
Ezkerraldean, Altxerri edo Zudugaraikoa –XVII.–; Arratola edo Mutiozabal –XVIII.-XX.–; Arin y Enbil –XX.–; eta Oria –XVIII.– edo Portu-Ondo –XIX., 1918tik aurrera Astilleros del Oria, zubiaren goiko partean–.
Eta hiru, Aginagan: Uriberri-Mapil –XVI.-XX., bertan egin zuten San Jose galeoia, Kolonbiako kostaldean hondoratutakoa, eta berriki aurkitu dutena–, Zakoeta –XVI.-XIX.–, eta Urdaiagako San Esteban –XVI.-XVII.–.
Egindako ontzientzat behar ziren burdinazko piezak burdinoletan egiten ziren. Burdinola asko egon zen Aia aldean, Santiyo eta Altxerri erreken inguruan, Oriatik gertu. Ezagunenak hauek: Agorregi, Arrazubia, Segurola eta Errekondo.
Mutiozabal ontziola bakarrik geratzen da zutik Gipuzkoan. Beraz, balio historiko handia du. Ontziolak historia luzea du, XVIII. mendean eraikia da, orduan zegoen lokaztiaren gainean. Arratola izena zuen. XIX.ean Mutiozabal familiak eskuratu zuen; 1936ko gerraz geroztik, Jose Manuel Ostolazak, Mutiozabali errentan hartuta.
Mutiozabaldarren historia
Mutiozabaldarrek 131 urte egin zituzten ontzigintzan lanean Oriaren ertzean, 1798tik 1929ra bitartean. Aurrena, Aginagako ontzioletan; 1887tik aurrera, berriz, Orioko Arratolako ontziolan. 217 itsasontzi egin zituzten denbora horretan. Mutiozabalen ontziolara iritsitako barku-eskaera gehienak Gaztelako erregeenak izan ziren, Ameriketako abenturarako.
Mutiozabal familiak Aginagan errio ertzean dagoen Lastaola baserrian du jatorria. Handik sortutako hiru belaunalditako mutiozabaldarrek osatu zuten 131 urteko historia: Jose Matias eta Migel Ignacio Mutiozabal Aldako anaiek; horren seme Jose Manuel Mutiozabal Atxegak; eta horren seme Migel Antonio Mutiozabal Arrillagak. Odriozolaren liburuan agertzen denez, ekimen handiko jendea izan zen eta gaitasun tekniko izugarria erakutsi zuten. Kalitate handiko lanak egin zituzten, jakin zuten merkatuaren egoera berrietara egokitzen eta aitzindari izan ziren barku-tipologia berri askotan.
Jose Manuel Mutiozabal Atxega XIX. mendeko Gipuzkoako ontzigile garrantzizkoena izan zen. Haren seme Migel Antoniok, berriz, euskal ontziola batetik sortutako lehenengo baporea egin zuen 1877an, bela eta haizearen ordez lurrunaren bidez mugituko zen Gipuzkoako lehen itsasontzia, Ugarte 2. Gizon honek, itsasontziak egiteari utzita, altzari-fabrika zabaldu zuen.
Orion, Arin eta Enbilekin batera, oraingo Arin y Embil; Irisasi mendia ustiatzeko plana idatzi zuen; goi mailako ebanisteria zabaldu zuen Zarautzen; eta, azkenik, Orioko ontziola eraiki zuen, orain Oriok eskuratuko duena. 1912tik 1915era herriko alkatea izan zen.
Ostolaza, Txanka eta Karraballo
rancisco Karrera Txankak Jesus Mari Peronari azaldu zion tentatuta egon zela Dikeko zingiran edo zuloan ontziola bat eraikitzeko, 1785 inguruan Vizente Joshep Segurak eraikitako Dique marealaren aldean; baina han egingo zituen ontziak derrigor zubipetik pasatu beharrak aldarazi egin zion plana eta, orduan, Jose Manuel Ostolaza eta Agustin Gozategi Karraballorekin bat egin eta hiruren artean hartu zuten errentan Mutiozabal familiaren ontziola zaharra. Txankak Ortzaikako ontziolan ikasi zuen errioko arotz lanbidea, Manuel Elizondo Ortzaika Handiarekin.
Mutiozabal ontziolako azken garaiko baporeak
Peronak zerrenda bat pasatu digu, Ostolaza, Txanka eta Gozategiren garaian ontziolan egindako itsasontziena. Txankak gogoan zituenekin osatua da zerrenda –izen batzuk falta omen dira–. Hasierako urteetan, Alberto Illarramendi Altxolak egindako diseinuak erabili zituzten ontziak egiteko.
1954koa da lehenengoa, Hermanos Manterola; azkena, 1974koa, Donostiarako egindako Luzaro. Denera, 33 bapore daude. 16 Oriorako eginak: Hermanos Manterola –Isidro Manterola, 1954–, San Jose –Eulogio Murgiondo, 55–, Corazon Santo –Rufino G. Txabarri, 56–, San Gabriel –Anbrosio Uranga, 57–, Torrontegi –Clemente Ibargoien eta Garate sendia, 57–, Glorioso San Luis –Manuel Etxeberria, 58–, Glorioso San Nicolas –Ramon Solaberrieta, Erramon Lino, 58–, Nuevo Reina de los Angeles –Ramon Solaberrieta, Lino, 62–, Nuevo San Antonio de Padua –Vittor Dorronsoro eta Jose Manuel Sarasua, 62–, Beti San Fermin –Jose Manuel Peña, 63–, Villa San Nicolas –Jose Uranga, 63–, Beti San Juan–Julian Manterola eta anaiak, Txaganekoak, 64–, Tubal Berria –Clemente Ibargoien eta Garate sendia, 65–, Reina Maria –Eugenio Azkue, 66–, Beti San Jose –Martin Murgiondo, 66–, Beti San Nicolas –Jose Garate eta Ramon Solaberrieta Lino, 67–, Txinparta –Josu Azkarate, 1971–.
Gainerako baporeak Oriotik kanpora joan ziren: Frantzia, Hondarribia, Ondarroa, Donostia eta Pasaia. Eta hara, bat Candaserako egin zen: Nuevo Pepin –1962–.
1966an eraikitako Beti San Jose baporearen aurrekontuan hainbat datu esanguratsu agertzen dira. Kontratua 1966-12-10ean sinatua da, Ostolazaren alargunak eta Martin Murgiondo armadoreak. Baporea sei hilabetean egingo zuten, egurrez, 4.800.000 pezetatan –oraingo 28.800€–, eta 24,20 metroko eslora izango zuen.
Donostiako Untzi Museoak, 1990ean, Erdi Aroko balea-ontzi bat eraikitzeko eskatu zion Txankari. Ontzia Untzi Museoan egon zen ikusgai 1991tik 2007ra bitartean. Gaur egun Diputazioaren gordailu batean dago. Karraballotarrek ere ontzi bat egin zuten UMrentzat, txibietarako batela. Horiexek izango dira Mutiozabalen egindako azken ontziak.