Lehen fasea hirugarren postuan amaitu dute

Karkara 2016ko ots. 16a, 08:53

Orioko eskubaloi taldeak lehen fase paregabea egin du, 12 partidetatik 10 irabazita. Asteburuan bigarren fasea hasiko da eta gogotsu daude onenen aurka lehiatzeko.

Igandean jokatu zuten oriotarrek eskubaloi ligako lehen faseko azken partidua. Bidebietan izan zen, Bera Bera taldearen aurka. Garikoitz Garagarza entrenatzailearen arabera, interesik ez zuen partida izan zen. Partidua hasterako bagenekien lehen fasea hirugarren postuan bukatuko genuela. Larunbateko emaitzak ikusita, erabakita zegoen sailkapena. 

Dena den, taldeak indartsu hasi zuen partidua. Garagarzak azaldu bezala, lehen zatian taldea oso sendo eta kontzentratuta zegoen. Laster ireki zuten aldea markagailuan. Eta, garrantzitsuena dena, jokalari guztiek ekarpena egin zuten. Azpimarragarria dira, entrenatzailearen ustetan, defentsan egindako lana eta atezainak egindako partidua. Hori horrela, 5-19 emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatiari aurkariak gogor ekin zion. Orioko taldeak jokalariak beren ohiko postuetatik aldatzeko eta postu berrietan jokatzeko erabili zuen bigarren zatia. Nabaritu ziren aldaketa horiek eta oso berdindua izan zen zati hori. Dena den, partidua 15-30 emaitzarekin amaitu zen.
 
Gaur arratsaldean Gipuzkoako Txapelketako taldeen osaketaren zozketa egingo da eta asteburu honetan bertan ekingo die bigarren faseari. Talde indartsuenak batuko dira bigarren fase honetan eta zaila izango dute oriotarrek oraingo emaitzekin jarraitzean. Garagarzak, helburua hobetzen jarraitzea dela aitortu du, astez aste.
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide