Hondarribian jokatu zen pasa den larunbatean, otsailaren 13an, 2016ko denboraldiko bigarren traineru jaitsiera. Hogeita zortzi traineruk parte hartu zuten guztira, horien artean, Orio AEren bi lehen traineruek.
Emakumezkoen ontziak estropada irabazi zuen. 14:49,58ko denboran egin zuen ibilbidea eta bigarrenari, Hibaikari, ia bi segundoko tartea atera zion.
Gizonezkoek hirugarren egin zuten, Hondarribiako A eta B ontzien atzetik. 21:39,85eko denbora egin zuten, lehenak baino 25 segundo gehiago.
Hiru garaipen Batel Ligan
Pasai Donibanen jokatu zen Gipuzkoako Batel Ligako bosgarren jardunaldia, igandean. Orio AEko hamaika ontzik parte hartu zuten bertan. Kadete mailako neskek eta mutilek beren estropadak irabazi zituzten, eta B ontziak zortzigarren eta hamargarren izan ziren, hurrenez hurren. Mutiletan, C ontziak hamaikagarren egin zuen.
Jubenil neskek ere estropada irabazi zuten. Bestalde, infantiletan, neskek hirugarren eta laugarren egin zuten, eta mutilek, bigarren, hirugarren eta hamahirugarren.
Azken bi estropadak, gizonezkoen jubenil eta senior mailakoak, bertan behera geratu ziren haizeagatik.