Ikastola ezagutzeko gakoak azalduko dituzten bilera

Karkara 2016ko urt. 19a, 14:00

Datorren ikasturtean ikasleak Ikastolan matrikulatzeko epea urtarrilaren 25etik otsailaren 5era izango da eta informazio bilera egingo dute urtarrilaren 21ean.

Urtarrilaren 25ean irekiko da Orioko Herri Ikastolan matrikulatzeko epea eta gaur, urtarrilaren 19an, aurkeztu du kanpaina Zigor Saizar zuzendariak. Urtarrilaren 25etik otsailaren 5era arte –biak barne– egongo da 2016-2017 ikasturterako matrikulazioa zabalik.

Seme-alabak ikastolan matrikulatu nahi dituzten gurasoek bi aukera izango dituzte Ikastola ezagutzeko. Batetik, informazio bilera bat egingo dute urtarrilaren 21ean. Ikastolaren eta bere hezkuntza programaren inguruko informazio zabala emango dute bi bileratan. 17:00etan izango da lehen bilera, euskaraz egingo dena, eta 18:30ean bigarrena, gazteleraz. Bestetik, hilaren 23an, larunbatean, ate irekien eguna izango da eta gurasoek ikastola ezagutzeko aukera izango dute 10:00etatik aurrera.

Ikastolan matrikulatzeko, gurasoen NAN kopiak, familia liburuaren kopia eta haurraren errolda agiria eraman behar dira Ikastolara. Bulegoaren ordutegia 8:30etik 13:30era eta 14:30etik 18:30era da.

Konfiantzan oinarritutako harremana

Begiak itxita, konfiantzan leloa aukeratu dute aurtengo matrikulazio kanpainarako eta, batez ere, gurasoek Ikastolako hezkuntza proiektuarekiko duten konfiantzari egiten dio erreferentzia eta ikasle, guraso, langile eta herritarren arteko gertutasuna adierazi nahi izan dute.

Hiru ziklotan banatzen da ikasketa prozesua, eta guztietan berrikuntzak egin dituztela esan du Karlos Larrañegik. Lehen Hezkuntzan konfiantzaren pedagogiaren bidez, konturatu gara ikasleek dituzten gaitasunak garatzeko aukera biderkatu egiten dela; haurra da ikasketa prozesuaren protagonista.

Lehen hezkuntzan, ikasketa kooperatiboaren aldeko apustua egin dute. Talde lana oinarri hartuta haurrek ikasten ikastea eta gatazkak era positiboan kudeatzea da helburua. Azkenik, DBHn EKI proiektua jarri dute martxan. Konpetentziak –eta, horiei esker, bizitzako egoera errealei aurre egitea– eta digitalizazioa dira oinarri nagusiak.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Urtero bezala, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia antolatu du Ikastolak. Amalur izeneko ikuskizuna emango dute, urtarrilaren 29an, Karelan. Sarrerak urtarrilaren 11tik daude salgai, Kutixi kafetegian eta Ikastolako idazkaritzan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide