Agenda ekitaldiz betea hasi du urtea Mandalarak

Karkara 2016ko urt. 8a, 08:21

Guztira sei ekitaldi antolatu dituzte urtarrilean. Lehendabizikoa datorren ostiralean, urtarrilaren 15ean, izango da. 

Gaur zortzi hasiko da Mandalara Elkartea 2016ko ekintzekin, datorren ostiralean, urtarrilaren 15ean. Eneagramaren inguruko hitzaldia eskainiko du Aimar Martinezek, arratsaldeko 19:30ean. Asmoa, behin Martinezek sarrera eginda, enegrama hamabostean behin lantzea da, asteazkenetan.

Hurrengo egunean, urtarrilaren 16ean, goizeko 10:00etatik 14:00etara, Karmene Garmendiak astrologia tailerra emango du. Hilero izango da tailerra, astrologian sakondu ahal izateko. Baina lehen hazia datorren larunbatean, hilak 16, izango da.

Baina astrologiakoa ez da larunbateko tailer bakarra izango, arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, berezko trebetasunak lantzeko ikastaroa emango du Isabel Lopezek. Hau ere hilero errepikatuko den ikastaroa da.

Igandean asteko azken ikastaroa izango da, baina ez hilabeteko azkena. Clara Gutierrez biologak eta etnobotanikan adituak, jangarriak diren landareen inguruko tailerra gidatuko du. Landareak jasotzen, indentifikatzen eta kozinatzen erakutsiko du Gutierrezek.

Urtarrilaren 22an, iluntzeko 20:00etan, biodeskodifikazioaren gaineko liburua aurkeztuko dute. Eva Alvarez eta Joshua S.Santos dira liburuaren egileak, eta berak izango dira aurkezpenean.

Urtarrilaren 27an hileko azken ekitaldia izango da. Hitzaldi hau Orion izan ordez Donostian izango da, kiroletxean, Anoeta futbol zelaian. Debalde izango da hitzaldia, 18:30ean, Lain Garciaren eskutik.

Oraingoz, beraz, sei ekitaldi antolatu ditu Mandalara Elkarteak 2016ari hasiera emateko. Indartsu ekingo dio urte berriari, ekitaldiz jositako agenda mardula osatu baitute urtarrilerako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide