Ikastolakoek tonbola eta Karkarakoek poltsen banaketa

Karkara 2015ko abe. 23a, 10:24

Abenduaren 24an, goizean, gabon eskean arituko dira Zaraguetako eta Ikastolako ikasleak. Haurren kalez kaleko kantu saioaz gain, Ikastolakoek antolatutako tonbola eta Karkarakoek egingo duten opari banaketa ere izango dira.

Eskola, ikastola eta Danbolin Musika Eskolako haur, irakasle eta gurasoak kantari arituko dira kalez kale, Ikastola ondoko plazan hasita. 10:45ean hasiko dira eskean. Handik ordu laurdenera, 11:00etan, hainbat ekintza hasiko dira plazan.

Batetik, Ikastolak antolatutako tonbola izango da. DBH 4. mailako ikasleek elkartasun-tonbola jarriko dute udaletxe plazan, bertan bildutako diruaren erdia Ruandara bidaliko da eta beste erdia ikasketa bidairako erabiliko da.

Bestetik, Karkarako taldeak stand-a jarriko dugu. Orain arte gure laguntzaile izan zaretenoi eskerrak emateko poltsa bana oparituko dizuegu, eta, horrez gain, laguntzaile egin nahi duzuenoi erraztu egingo dizuegu horretarako bidea. Han bertan egin ahal izango duzue kontu korronteko 20 digituak eramaten badituzue. Eta, noski, laguntzaile egiten zaretenoi era poltsa emango dizuegu opari.

Poltsez gain, postalak ere izango ditugu salgai. Orioko eta Aiako argazki zaharrekin egindako postalak dira, Gabonetan bidaltzeko aproposak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide