Gure Bazterrak

Aguxtin Alkhat: "Beldurraren eta ausardiaren arteko guda baten artean gaude oholtzan"

Karkara 2015ko aza. 24a, 08:00

Argazkia: EKE

Aguxtin Alkhat iparraldetik hegoaldera, Heleta Oriora etorriko da larunbatean. 14:00etan kontzertua eskainiko du Salatxo tabernan, Julienekin batera.

Zure aita, Ernets Alkhat, bertsolaria zen. Hitzekin jolasteko grina beregandik datorkizu?

Bai. Gogoratzen naiz aita ibiltzen zela Ipar Euskal Herriko hainbat ikastoletan, bertsolaritza irakasteko. Baina Donapauleko ikastolan denborarik ez baitzioten eman nahi, guri, etxean egin behar izan zizkigun bertsolaritza ikastaroak. Idatzi bezain laster, nik uste, hasi ginen bertsoñoak idazten...

Abertzaleak biak, aita eta ama. Berak errotik euskaldunak izanda, zuek ere giro horretan hazi zineten, nahiz eta inguruak –Armendaritzen bizi ziren– asko ez lagundu?

1982an sortua naizenez eta jakinda hamarkada horren testuingurua zein zen Ipar Euskal Herrian eta Euskal Herri guzian, gure haurtzaroan herritarren arteko tentsio horiek sentitu ahal izan ditugu... Garaian bazterrak nahasiak zeuden, borroka armatua bete-betean; eta- ondorioz, tendentzia politiko ezberdinetako jendeen arteko harremanak korapilatsuak ziren. Gu beti harro sentitu gara euskaldunak izaiteaz, beraz, gure bizia, burua gehiegi apaldu gabe pasa dugu... Berantago ohartu ahal izan gara, euskalduntasuna gero eta onartuagoa zela euskal jendartean... Denen onerako!

Zure kantuen muinetan, sarri, hizkuntza eta herriaren gaiak daude...

Bai. Saiatzen naiz, hala ere, gai ezberdinak jorratzen nire kantuetan, baina beti garrantzitsua ikusi dut, kantuak idazteko gaitasun apurrak dauzkan euskaldun batek, bere ama hizkuntza eta ama lurra aipatu behar izatea...

Beti ez, baina doi bat, oroitarazteko ahantzi nahi luketenei, biak lanjer edo arrisku handian daudela, ekologikoki eta soziologikoki.

Behe Nafarroakoa zara. Zure musikan islatzen da hori, iparraldeko folk tradizionaletik edaten baitute askok.

Asko jo izan ditut musika tradizionaletako doinuak, edozein Akapela edo Xaramela liburuetan antzeman zitezkeen kantuak... Pianoarekin hasi banaiz ere musikan, gitarra akustikoarekin segitu dut 12 urtetik aitzina. Ondorioz, folk doinuak jorratu ditut bereziki. Gitarra elektrikoa askoz berantago erosi ahal izan dut.

Gitarra lagun duzula, bakarrik ibilitakoa zara. Baina, azken urteetan, taldearekin aritzen zara. Erosoago sentitzen zara taldean bakarrik baino?

Dakidan gauza bakarra da, taldeak asko lagundu nauela nire musika maila goratzen. Horrek orai, lagundu egiten nau formatu ttikian ere aritzeko. Formatu akustikoak gustukoak ditut, baina egia da taldearen soinu indarrak erraztasunak edo abantailak ekartzen dituela, dudarik gabe! Azken denboretan bikote formatu akustikoan aritu izan gara ere, eta eroso sentitzen gara Julien Labat eta biok.

Orion ere horrela arituko zara, ezta?

Orion bikote formatuan joko dugu bai! Ni gitarra akustikoarekin eta Julien elektrikoarekin. Talde osoarekin jotzeko aukera ez dugu ukan, baina hurrengo batean, dudarik gabe. Kasualitate bat da bertan izatea, Saran, kontzertu batean ezagutu dudan Eñaut Martiri esker posible izan da. Jakin duelarik bikote formatuan jotzen ahal genuela ere, azken orduko proposamen bat egin ahal izan digu, Orioko kaleetan jotzeko... Kantuak kalera Gure bazterrak osatzeko!

Behin irakurri nizun kontzertuen beharra duzula bizirik sentitzeko.

Zaila da, eszenan sentitzen diren emozioak ezagutu dituen batentzat, emozio horiek bazterrera uztea, egun batetik bestera. Uste dut taldekide guziek ere, jotzen ditugun nota eta hitz bakoitzean murgiltzeko gaitasuna daukagula eta horrek intentsitate, tentsio une eta emozio ugari sentiarazteko gaitasunak emaiten dizkigu! Eszena baten gainean biluzik zaude publikoaren aitzinean eta nonbait urduritasun horrek, pertsonalki, biziago sentiarazten nau... Beldurra eta ausardia hurbiletik segitzen dira beti eta oholtza gainean, bien arteko guda baten artean gaude, bizirik!

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide