Laugarren garaipena lortu du Orioko Ikastola eskubaloi taldeak

Karkara 2015ko aza. 17a, 14:22

Argazkia: Luis Epelde

27-15 egin zuten Bidasoa Irun B taldearen aurka. Atorrasagasti anaiek 20-33 galdu zuten Valladoliden aurka

Jokatutako bost partidatatik lau irabazi ditu Orioko Ikastola eskubaloi taldeak. Pasa den larunbatean, azaroaren 14an, Bidasoa Irun B taldea jaso zuten etxean Larrañaga eta Garagarzaren neskek. Partida erraza izan zen oriotarrentzat eta 27-15 irabazi zuten. Postu bat igo dute sailkapenean eta bigarren dira orain, zortzi punturekin. Etxetik kanpo jokatzea tokatzen zaie datorren asteburuan, Donostian, hain zuzen. Bera Bera Bat taldearen aurka jokatuko dute; bigarren postuan oriotarren puntu kopuru berarekin daude donostiarrak sailkapenean.

Zarautzen jokatzen duten Oriotarrak

Amenabar Zarautzek 20-33 galdu zuen Atletico Valladoliden aurka. Defentsa aurreratuarekin hasi ziren aurkariari sorpresa emateko asmotan, atsedenaldira hiru tantogatik galtzen joan ziren, baina sentsazio onak izan zituztela dio Ander Atorrasagastik. Atsedenaldiaren ondoren, ordea, ihes egin zien partidak. Minutu gutxi izaten ari diren jokalariei minutuak emateko eta taldeko gazteenek esperientzia hartzeko balio izan zuen partida amaierak, dio Atorrasagastik.

Senior taldeak justu-justu irabazi zion Tolosa C.F-ri etxetik kanpo; 32-33 egin zuen Jon Aiertzaren eta Jorge Adunaren taldeak. Zazpigarren daude sailkapenean eta datorren jardunaldian Siglo XX taldearen aurka jokatuko dute. Euskadiko Jubenil Ligan, 25-21 irabazi zuen Maria Azkueren emakumezko taldeak Zuazoren aurka. Gizonezkoetan, Mikel Amilibiaren taldeak 17-35 irabazi zuen Loyola Indautxuren aurka.

Garaipena Jon Azkueren Bidasoarentzat

Garrantzitsua zen asteburuko partida Bidasoa Irun taldearentzat. Batetik, denboraldiko lehen porrota jaso zuten aurreko astean. Bestetik, aurkari sendoa zuten: F.C. Barcelona B taldea. Baina maila eman eta garaipena lortu zuen Azkueren taldeak; 37-29 irabazi zuten. Horrela, denboraldiko zortzigarren garaipenarekin, etxean partida bakar bat galdu gabe jarraitzen du Bidasoak. Academia Octavio taldearen aurka jokatuko dute datorren jardunaldian, etxetik kanpo.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide