Hasi dira bidegorria egiten

Karkara 2015ko aza. 6a, 09:30

Arantzazuko Andramari auzoa eta Bikamiota lotuko dituen bidegorria egiteko lanak hasi dira. 48.533,62 euroko kostua du obrak, baina 20.456 Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko ditu. Bidegorriak Arrantzale kalean hamaika aparkaleku galtzea ekarriko du, baita elbarrien aparkalekua ere. 

Hasi dira bidegorriaren lanak. Arrantzale-kaleko bidegorri zatia egiten hasi dira. Egurdaldiak lagunduz gero, lau astetan amaitzea aurreikusten du Udalak. Azaroaren 3an hasi ziren, asteartean, Arantzazuko Andra Mariren paretik. Uzkue eraikuntzak enpresak egingo ditu lanak. Obrak 48. 533,62 euroko kostua du eta diru horren ia erdia Gipuzkoako Foru Aldunditik jaso da, 20.456 euro, alegia.

Bidegorri sareak 2012ko Plan Orokorrean du oinarria

2012ko urrian onartu zen behin betikoz indarrean dagoen Plan Orokorra. Plan horretan jasota dago behar bezalako bidegorri sarearen trazatua. Iaz, Plan Orokor Berriarekin lanean aritu zirenean ere heldu zioten gaiari eta aurreko planaren gainean hasi ziren eztabaidatzen. Oraingoan, bidegorri sarearen zati hau egiterakoan ere, horren gainean hasi da lanean Udala. 

Herritarrek bidegorri sare egoki bat izatea du helburu Udalak. Herritarrek bizikleta gehiago erabiliko dute honela, baina, horretarako, ezinbestekoa da herriko gune guztiak lotuta egotea. Honenbestez, Bikamiotatik autopista bitarteko zatiari heldu nahi dio ahalik eta azkarren Udalak, herri gunea eta hondartza lotuta gelditzeko. 

                             

EH Bildu ados bidegorriarekin, desados prozedurarekin

Bidegorria egitea pasa den udalbatzarrean adostu zen, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk abstentzioa bozkatu zuen, Amaia Dorronsorok azaldu zuenez, prozedura desegokia erabili zutelako. Lehendabizi proiektua onartu behar da, eta, ondoren, partida egin behar da, zehaztu zuen.

Joxe Anjel Zalduak prozedura egokia erabili zutela erantzun zion. Beñat Solaberrietak hartutako bideari jarraitu diotela. Solaberrietak alkate dekretuarekin 48.533,62 euro bidegorrira bideratzea onartu zituen, eta berak erabaki horrekin aurrera jarraitzea erabaki dutela azaldu zuen: Beñaten esana jarraitu dugu.

Emeterio Iribarrek Dorronsororen esana berretsi zuen, eta gaineratu zuen legealdia martxan jarri zenetik ongizate batzorderik ez dela izan eta esparru horretan dauden beharrak aurreikusteko eta behar horien arabera erabakiak hartzeko ezinbestekoa dela. 

Hanka motz ikusten du proiektua Orainek

Orain Herri Plataformak ezezkoa bozkatu zuen. Ados dago bidegorria egitearekin. Berak ere bidegorria egitea nahi dute, baina ez daude ados egin den lanketarekin. Lanketa polit bat egin zitekeen, azaldu zuen penaz azken udalbatzarrean Miriam Urangak. Izan ere, bere ustetan, bete beharreko hainbat hutsune ez dira landu eta bidegorria egiteak ekarriko dituen arazoei irtenbidea bilatzea ezinbestekoa iruditzen zaio.

Arazo horien artean daude, besteak beste, Arrantzale kaleko hamaika aparkalekuren galera eta elbarrien aparkalekuaren galera. Aparkaleku horiekin guztiekin zer egingo den erabaki behar zela azaldu zuen Urangak. Bestalde, Erribera etxaldearen pareko bidegorria egitean espaloiaren zati bat kenduko dute. 

Udalak hamaika aparkaleku horiekin zer egin pentsatzen eta aztertzen ari dela argudiatu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide