Eztabaida piztu zen udalbatzarrean, politikariak eta herritarrak haserre

Karkara 2015ko urr. 28a, 09:03

Erabakitzeko zeuden bost puntuak onartu ziren. Lehendabizikoa aho batez eta gainontzekoak gehiengo absolutuarekin. Dena den, hautsak harrotu zituzten hainbat gaiek: zaborraren tasek, musika eskolako tasek, Motondok eta Arrantzale kaleko bidegorriak, besteak beste. 

Tira-bira ugari izan ziren atzoko osoko bilkuran. Alderdien arteko desadostasunak agerian gelditu ziren, eta irtenbide bat eman nahian, udalbatzak hartu beharreko norabidearen gainean aritu ziren eztabaidatzen. Baina udalbatzako eserlekuetatik harago joan zen haserrea, plenora urbildutako herritarrek ere beren amorrua adierazi zuten hainbat jarreren eta erabakien inguruan.

Zehaztapen batzuekin, akta zirriborroa onartuta

Bost erabaki hartu behar ziren, eta guztiak onartu ziren. Bata, lehendabizikoa, aho batez onartu zen, aldeko hamahiru botorekin. Udalbatzarrak 2015eko uztailaren 7an egindako ezohiko bilkurako aktaren zirriborroa da onartu zena, baina Orain taldeko Miriam Urangak pare bat aldaketa proposatu zituen onartu aurretik, zeinak onartu ziren. Besteak beste, gerakinetan gastatutako 7 mila euroak udalaren kutxa jasota egotea hobe dela ziurtatzen duen papera eskatu zion alkateari; eta, alkateak soldata igoera justifikatzeko lau urte ditu eta epe horretan igoera hori demostratzea eskatu zion. Alkateak merezi izan duela erakutsiko diola erantzun zion.

Bidegorria egingo da Arrantzale kalean

Lehen puntua onartuta, kreditu aldaketa bati heldu zioten. Atzo egindako ogasuna, pertsonala eta kalitatezko batzorde informatzailean gehiengo absolutuarekin –PSEren eta EAJren aldeko botoekin, Orainen aurkakoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin– onartu zen. Espediente aldaketa honek altak bideratu behar ditu ekipamendu informatikora, 832 euro, alegia. Hortik informatika mantenuan 550 erabiliko dira eta liburuetan 282 euro. Baita ere, bide publikoetan izan du eragina. Arrantzale kaleko bidegorrira 28.144 euro bideratu dira. Obra egiteko Foru Aldunditik jasotako 20.456 euroak gehitu behar zaizkio.

Alde agertu dira EAJ eta PSE. EAJko buruak, hau da, Orioko alkate den Joxe Anjel Zalduak, Beñat Solaberrietak hartutako bideari jarraitu diola azaldu zuen. Martxoaren 16an, Solaberrietak alkate dekretutzat onartu zuen 48. 533,62 euro bidegorrira bideratzea. Diru horrekin zer egin onartu zen, hortaz. Solaberrieta buru zen legegintzaldian eskatutako diru laguntza hori eskuratuta, aurrera jarraitzea erabaki dutela argitu zuen, Beñaten esana jarraitu dutela zehaztu zuen.

EH Bilduko Amaia Dorronsorok, ordea, prozedura desegokia erabili dutela aitatu zion. Lehendabizi proiektua onartu behar dela eta ondoren partida irizten dio Dorronsorok, eta ez alderantziz, berak egin duten moduan. Emeterio Iribarrek gaineratu du legealdia martxan jarri zenetik ongizate batzorderik ez dela izan, eta egon beharko luketela, esparru horretan dauden beharrak aurreikusteko eta horren arabera erabakiak hartzeko.

Orainek ezezkoa bozkatu zuen, ekainaren 19an diru laguntzen ebazpenaren berri zuen EAJk baina gainontzeko alderdiei lau hilabeteren buruan esan ziela argudiatuz. Urriaren 23an bidali zien proiektua EAJk gainontzeko alderdiei eta plenoaren egun berean diktaminatu zen. Denbora falta hori salatu du Miriam Urangak. Beretzat pena bat dela aitortu du, ez baitute denbora izan ekarpenak egiteko. Izatez ez daude bidegorria egitearen kontra, baina lanketa polit bat egin zitekeela uste du, denborarekin, eta denbora hori ez dela hartu arrazoitzen du. Hau da, besteak beste galdu egingo diren elbarrien aparkalekuarekin eta kenduko diren hamaika kotxeren aparkaleku mugagabeekin zer egingo dan erabaki behar zela dio.

Izoztuta jarraituko dute auto-taxi zerbitzuen tarifak

Aho batez onartu zen, 13 aldeko botorekin, 2016rako auto-taxi zerbitzuaren tarifa urbanoak. 2014tik tarifek ez dute gora egin, hortaz, duela bi urtetako prezio berberak izango dira 2016an. Lanegunetan, goizeko 7:00etatik 10:00etara, gutxienezko tarifa 5,22 eurokoa izango da. Egindako kilometro bakoitzeko 1,11 kobratuko da eta itxaron-ordua 21,30 euro. Lanegunetan 10:00etatik goizeko 7:00ak arte,eta jaiegunetan eta asteburuetan, gutxieneko tarifa 6,42 eurokoa da, egindako kilometro kopurua 1,77 eurokoa eta itxaron-ordua 34,78 eurokoa.

Musika eskolako tarifak gehiago landuko dituzte

Laugarren puntu honek eman zuen zeresanik handiena. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ordenantza fiskalak onartu ziren. Aurreko eguneko ogasuna, pertsonala eta kalitateko batzorde informatzailean hainbat igoera proposatu ziren zergei eta tasei dagozkienak –audioan 19:28 minututik aurrera–; baina, guztietatik hautsak harrotu zituztenak hiru izan ziren: zaborra, hilerria eta musika eskola.

Musika eskoleko tasek ez dute %17ko igoera izango, momentuz

EAJk egindako proposamena honakoa zen: tasak %17 igotzea. Hau da, musika eskolan mintzaira ikasteak 240 euroko kostua izatea, instrumentu bat ikasteak 342 eurokoa, musika tailerrak 175 eurokoa, bigarren instrumentua ikasteak 616 eurokoa, euskal dantzak 240 eurokoa, euskal dantzan matrikulatuta egonda instrumentua ikasteak 140 eurokoa, musika instrumentuen alokairua etxerako 115 eurokoa, musika eskolarako instrumentuen alokairua 65 eurokoa eta taldeetako instrumentuak 70 eurokoa.

PSE-EEko Ana Priedek hartu zuen hitza, eta esan zuen berak azken orduan jasotako datuak ezberdinak zirenez eta informazioa falta zuenez, gai hori zakutik atera eta berriz lantzea proposatu zuen. Apirilerako erabaki behar denez, lantzeko denbora dagoela uste du Priedek eta honela informazio osoago batekin erabaki ahal izango dutela. Musika eskolaren gaia erretiratu eta mahai gainean uztea proposatzen zuen, hortaz. Proposamen horren alde agertu ziren EAJ, EH Bildu eta PSE. Orain abstenitu egin zen.

EH Bilduk, dena den, aldeko boto kritikoa eman zuen. Ordenantza fiskalen prozedurak inprobisazio kutsua zuela esan baitzuen. Azken orduan gauzak presaka egin direla esan zuen Iribarrek eta gauzak hobeto aztertu behar diela gaineratu zuen. Iribarren esanarekin ados agertu zen Miriam Uranga. %17ko igoera izugarrizkoa iruditzen zaio, gehiegizkoa. Datuak eskatu zituen, baina jasotzen ez zituenez, musika eskolako Elenarekin kontaktatu zuen. Elenak igoeraren planteamenduaren berri ez zekienez zur eta lur gelditu zen Uranga.

Ikus-entzuleen artean zegoen herritar batek ere bat egin zuen Iribarrek eta Urangak esandakoarekin. Bere ustetan oso garrantzitsuak dira batzordeak, biltzean iritziak partekatu eta erabakia aberastu egiten delako. Alor honetan arin jokatu dutela uste zuen. 

Lourdes Salsamendi minduta zegoen ikus-entzulearekin hitzengatik. Berak argudiatu zuen ados zegoela batzordea eratzearekin eta gauzak ondo aztertzearekin. Horrez gain, azpimarratu zuen azken bi urteetan ez dela batzordeetan diktaminatu musika eskolako gaia, batzorde burua Elenarekin elkartu eta hor adosten zutela azaldu zuen. Prozedura hori zela pentsatzen zuen, hortaz, barkamena eskatu zuen ezjakintasunagatik. Kontziente naiz erruaren parte bat izan dudala eta landu egin behar dela, azaldu zuen; hortaz, ardura beregan hartu eta konpontzen ahaleginduko dela zehaztu zuen.

Zaborraren kasuan, hasiera batean, igoera handiagoa proposatu zen. 

Zaborraren igoera planteatu zuen EAJk, %15ekoa. Orain plataformaren eta EH Bilduren ustez igoera nabarmena eta gehiegizkoa. Bezperan egindako batzar informatzaileak lortu zuten ehunekoa baxuagoa izatea, hau da, %8ra jaistea. Dorronsorok igoera batzuei, elkarrekin, muga jartzeko gai izan zirela azpimarratu zuen. Bidea hori dela azpimarratu zuen. Eta plenora joan zen herritar batek ere pozik hartu zuen adostasunera iristeko jarrera. 

Orain taldeak esan zuen zaborraren politizatu egin dela, gaiaren kalterako. Urangaren ustetan gaiari buelta pare bat eman behar zaizkio, eta berriz ere zabor mahai deitu behar dela irizten dio, herritarrekin lanketa sakona egiteko. Herritarren kontzientziazioan eragin behar dutela gaineratu zuen, baita birziklapen tasan gora egiteko metodologia edo hartu beharreko neurria aztertu behar dutela. Hobari sistema ere martxan jartzearen aldekoa da Uranga, birziklapenari mesede egingo baitio. Alkateari eskakizun bat ere egin zion: zabor bilketa eta kale garbiketa banatzeko, eta kale garbiketaren kontratua aztertzeko eta deialdi berria egiteko datorren urteari begira.

Azkenean, guztiok azpimarratu zutena adostasunera iristeko ahalmena izan zen. Guztion artean lortu baitzuten tasak igoera txikiagoa izatea, %8a. Hortaz, etxebizitza bakoitzeko 0,77ko igoera izango da hilero, zerbitzua defizitarioa baita.

Gaiari lotuta, herritar bat alkateari zuzendu zitzaion. Birziklapen-tasaren kartela udaletxeko balkoitik ea zergatik kendu duten galdetu zion. Alkateak esan zion bera izan zela kartela kendu zuena, festetan. Aitortu zion ez dakiela non dagoen kartela, pentsatzen duela udaletxeko artxiboan izango dela. Begiratuko duela, orain arte ez baitu egin, eta han izanez gero datuak eduki bezain pronto zintzilikatuko duela udaletxeko balkoian.

Hilobiko tasak 3 bider altuagoak

Hilerriko tasek ere gora egin dute, hiru bider altuagoak dira orain. 70 eurotik 211 euroko kostura igo da hilobiratzeko eskubidea, eta EAJren eta PSE-EEren adostasunarekin 2016an igoko da tasa. Ordaindu behar duen bakoitzaren egoera ekonomikoa eta familiarra kontuan hartuko dira ordainketa egiterakoan.

Orainek ordea, legealdian zehar hilobiratzeko kostua igotzen joatea proposatu zuen. Bilduren babesa jaso zuen Orainen proposamenak.

Ana Priedek eskatu bezala, musika eskolaren gaia kanpoan uztea eta gehiago lantzea onartu zen. Baina, gainontzeko ordenantzak onartzeko bozketa ere egin zen. Zazpi aldeko boto jaso zituen, EAJrenak eta PSE-EErenak, Orainen bi abstentzio eta EH Bilduren lau kontrako boto.

EH Bildu prozeduraren aurka azaldu da, beste behin. Aldez aurretik, bozkatu baino lehen, dagokion batzordean edo dagokion teknikariarekin landu behar dela irizten dio Dorronsorok. Bestalde, edukiari dagokionez, EH Bildu zergak progresiboki igotzearen aldekoa dela aipatu zuen, Orioko familien egoera gehiago ez estutzeko, familiak ez itotzeko. 

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako adierazpen instituzionala onartu zen

Orainek ez zuen azaroaren 25eko adierazpen instituzionalaren inguruko bozketan parte hartu. Aurreko bilkuran arrazoitu bezala, beren ustetan, horrelako gaiak edo mozioak ere aurretik landu egin behar dira. EAJko Lourdes Salsamendik azaldu du email bat bidali zuela eta mezu horretan ekarpenak egiteko aukera aipatu zuela. Salsamendiren ustetan aukera eman zuen horretarako, hortaz, deialdi bat egiteko proposamena egin zezaketen. 

Emeterio Iribarrek aipatu du batzordeetan edo batzorde bozeramaileetan landu daitekeela udalbatzarra izan baino lehen gaia. Batzorde horietan alderdi guztiek hartzen dutela parte eta hori izan daitekeela denak gustura egoteko aukeretako bat. Gainera, batzorde bozeramaileak herri askotan daudela gaineratu du.

Orduan, Salsamendik, gauza hauek lantzeko formula bilatu nahian, aurrerantzean bilkura baino aste bete lehenago edo egun batzuk lehenago batzorde bat deituko duela aipatu du, horrelako gaiak eta mozioak lantzeko.

Motondoren inguruko kexak

Eskari eta galderen tartean, Motondo ere aipatu zuten bertaratutakoek. Antza, hegazkinekin dabiltza Motondon, alkateak baimena emanda. Joxe Anjel Zalduak onartu zuen berak baimena eman ziela. Baimena, ordea, ez du eman beharreko pausoak errespetatuz eman, ahoz ahoko harremana besterik ez baitu izan hegazkinekin dabiltzanekin.

Idazkariak azaldu zuenez, eskaria idatziz egin behar da. Ondoren, Udaleko teknikariak proiektu bat garatuko du horren inguruan eta alkateari emango dio, erabaki dezan. Alkateak erabakia alkate dekretu baten bidez eman behar du. Eta, kasu honetan, ez da horrelakorik pasa Motondon.

Bestalde, Errio Natur Taldeko kideek alderdiei Motondoren inguruko iritzia eskatu zieten. Guztiek hauteskunde bezperako mahai-inguruan esandakoa berretsi zuten. Ana Priede PSE-EEko zinegotziak legea errespetatu behar dela esan zuen, eta, alde horretatik, aukera bakarra dagoela. Lehengoratzeko aukeraren alde agertu zen EH Bildu; baita Orain ere, baldin eta galdutako diru kopurua berreskuratzeko saiakera indartsu bat egiten bada. Saiatuaren saiatuaz ez bazuten galdutako dirua berreskuratuko, lehengoratzearen alde joango direla aitortu zuen. Amaitzeko, EAJko Zalduak Motondo urez gainezka ez duela ikusi nahi esan zuen. Eta, ahaleginduko zirela, muga estu horietan mugitzen.

Dena den, eskari eta galderen tartea osorik entzun dezakezu audioaren 1:08:00 minututik aurrera.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide