Kartzela zigorra Aratz Madariagarentzat

Karkara 2015ko urr. 23a, 12:47

Argazkia: Topatu.info

Kukutza eraitsi zuten egunean atxilotu zituzten 19 lagunen artean zegoen Aratz Madariaga oriotarra. Guztiei 9 hilabeteko espetxe zigorra ezarri die eta 84.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dute guztien artean.

Atzera begiratua eginez gero, lau urte egin beharko genituzke atzera. 2011n eraitsi zuten Kukutza Gaztetxea, 2011ko irailaren 23an, hain zuzen. Eraistean hemeretzi lagun atxilotu zituzten, tartean Aratz Madariaga oriotarra.

Desordena publikoa egotzita auzipetu zuten. Bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eta egindako kalteak ordaintzea eskatu zion fiskalak Madariagari. Handik lau urtera, aurtengo irailean, epaiketa izan zuen oriotarrak. Zaborrontziak erretzea leporatzen zioten, baina suhiltzaileen txostenaren arabera, bera atxilotu zutenetik ordu batzuetara erre zituzten lehen zaborrontziak. Defentsa moduan Ertzaintzaren inkoherentziak erabiliko zituela esan zuen auzipetuak, deklaratu dutena ez baitator bat gertatu zenarekin, arrazoitu zuen. Epaiketan edukiontziak batetik bestera mugitzea eta harriak botatzea egotzi zioten.

Atera da epaia. Bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri die Madariaga eta beste hemezortzi auzipetuei; eta, horrez gain, 84.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dute denek. Epaileak ez zuen onartu istiluetako bideoak ikustea, baina epaitutako gazte guztiak zigortu ditu, nahiz eta baldintza oso desberdinetan egin aurre epaiketari. Iñaki Carro Kukutzako abokatuak Info7 irratian epaiak oinarri juridikorik ez duela salatu du. Komunikatuan azaldu dutenez, epaileak datu guztiak, elkarren artean ezberdinak izanagatik, soka berera josten ditu, auzipetu guztiak gisa berean kondenatuz eta delituari izaera publikoa emanez.

Gazteen abokatuek helegitea jarriko dutela jakinarazi dute. Eta epaian, bereziki larritzat jo dutena Bilboko Udalari gehienez 84.125,25 euro kalte ordain gisa ordaintzeko eskatzea da.

 

 

 

Erlazionatuak

Kukutza: Komunikatua

Karkara 2015 urr 22 Aia Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide