Kukutza: Komunikatua

Karkara 2015ko urr. 22a, 15:48

Ohar honen bitartez, Kukutzarekin elkartasun taldetik irailaren 14 eta 16ean burututako epaiketaren sententzia, honen kontrako errekurtsoa eta gure irakurketa helarazi nahi ditugu.

Aipaturiko sententziak, 9 hilabeteko kartzela zigorra ezartzen die epaitutako 19 pertsonetako bakoitzari, desorden publikoak egitea egotzita. Bestalde, guztien artean Bilboko Udalari gehienez 84.125,25 euro ordaintzera zigortzen ditu, kalte ordain gisa. Kukutzarekiko elkartasunaren aurkako epaiketa izan da, sententziak argi uzten duenez. Izan ere, akusatuek epaiketan argitu bezala, errekalde auzora egun hartan bertaratutakoen artean ausaz eta ordu zein leku ezberdinetan egin ziren atxiloketak. Ertzain batek adierazi zuenez, La consigna que teniamos era detener, eta hala egin zuten. Hau argi uzten du atxiloketa guztiak arratsaldeko bostak eta zortziak artean egin izanak, istilurik nabarmenenak beranduago gertatu baziren ere. Epaileak datu hauek guztiak soka berera josten ditu, auzipetu guztiak gisa berean kondenatuz, delituari izaera publikoa –hau da, kolektiboa eta politikoa– emateko.


Sententzia bidegabe honen aurka, hurrengo egunetan, helegiteak aurkeztuko dira.
Kukutzarekin elkartasun taldetik, gogora ekarri nahi dugu orain arteko epaiketek ere 2011ko irailean polizia, epaile eta politikariek errekaldera eramandako kaosaz adierazi dutena: Poliziaren bortizkeria frogatua gelditu da, bai eta polizien deklarazioen arteko kontraesanak ere. Egun haietako sarraskiak–auzoari eginiko lapurreta, kolpeak, intoxikazio mediatikoak...– estaltzen saiatu dira gerora, eta testuinguru horretan kokatzen dugu Kukutzako teilatuan ziren 23 pertsonen kriminalizazioa, haietako baten aurkako gartzela zigorra barne. Epaiketa honekin ere, duela lau urte elkartasuna adieraztera bertaratu zirenak kriminalizatu dituzte. Izan ere, epaileak landutako argumentuekin, egun hartan errekaldeko kaleetan zegoen orok 9 hilabeteko gartzela zigorra merezi baitu.


Honelako kondenekin, Kukutza eraistearen arduradunek elkartasunez ekin zutenak zigortu nahi dituzte, eta isilik eta geldi egoteko mezu ankerra helarazi nahi digute guztioi. Ez dute halakorik lortu, izan ere, lau urte luze hauetan, okupazioak, autogestioak eta erresistentziak aurrera egin dute. Honen isla dira Errekalden bertan mehatxupean bizirik dirauten Etxarri eta OihuK guneak, euskal herri eta mundu osoan zehar bestelako mundu bat eraikitzen dabiltzan guztien artean. Kukutzaren defentsan egon ginen, eta Etxarri, OhiuK eta gure ametsen defentsan egongo gara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide