Etxean jokatzeak bestelako indarra ematen duen arren, zelaian jarritako esfortzu eta gogoak ez zuen fruiturik eman. Partida zaila izan dute asteburuan oriotarrek. Tolosa zuten arerio, Ohorezko erregional mailako talderik indartsuena. Liderra da eta jolastutako partida guztiak irabazi ditu. Asteburuan ere irabazi egin zion partida Oriori, 0-3 emaitzarekin.
Taulako azken aurreko postuan kokatu dira emaitza hori dela eta oriotarrak. Jokatutako bost partidetatik bakarra irabazi dute eta lau galdu. Zenbakiak ikusita mailaz igotzeak zailtasunak ekarri dizkiela esan daiteke, baina partidetan aurpegia eman dute eta aurkariari ez dizkiete gauzak erraz jarri. Hortaz, jaitsiera postuetatik atera eta liga osasuntsu amaitzeko aukerak dituzte oriotarrek.
Datorren astean bizilagunaren etxean jokatzen dute, Zarautzen. Zarautz taularen erdialdean dago, zazpigarren postuan. Garrantzitsua izango da datorren asteko partidan hiru puntuak lortzea, taularen azken postuetan gauzak estu baitaude eta arnasa emango bailieke.
Partidaren hondarrean galdu dute erregional neskek
Erregional neskek ere tolosarren aurka jokatu zuten asteburuan. Partida zaila zen hau ere, Tolosa lider baitzen. Kasu honetan, oriotarrek ez zuten Mendibeltzen jokatu, Tolosan baizik. Partida estua izan zen, bizia. Markagailua golik gabe, hutsean, egon zen 85. minutura arte. Partida amaitzeko 5 minutu falta zirenean gola sartu baituzten tolosarrek.
Orioko Futbol Taldeko zuzendaritzak esan duenez, neskak lan ona egin zuten Tolosaren aurka. Pena handia eman die partidaren hondarrean galdu izanak.