Desadostasunak desadostasun, Irakoitz da patroi onena

Karkara 2015ko abu. 5a, 09:23

Patroiak ebaluatzeko sistemak kritikak izaten ari da, traineru azkarrenak zigortzen baititu. San Miguel Ligako bederatzigarren jardunaldian Irakoitz Etxeberria da patroi onena.

Traineru azkarreneko patroiak zigortzen omen ditu ebaluazio sistemak. TKE ligako Eugenio Fernandez teknikariak dioenez puntuazio irizpideak 2014an finkatu ziren, talde guztien onarpenarekin. Orain, ordea, badirudi taldeek ez dutela guztiz onartzen puntuatzeko era hori.

Eztabaida irekia dago, behintzat. San Miguel Ligaren bederatzigarren jardunaldian Irakoitz Etxeberria da patroi onena, baina, artean, Orio ez da lider. Sailkapen orokorrean Hondarribia dago lehen postuan, berak dira lider, baina Ioseba Amunarriz patroia azken aurrena da patroi onenaren sailkapenean, puntu bakarrarekin. Antzekoa pasa zitzaion Irakoitz Etxeberriari iaz. 2014an, liga irabazteko aukerak zituenean, taldea taularen goialdean zegoen baina patroi onenaren sailkapenean puntu bakarra zuen oriotarrak. Datu horiek ikusita, ontzi azkarrenak zigortzen ditu ebaluazio sistemak.

Lehen kazetariek banatzen zituzten puntuak, estropada telebistan ikusita. Honela, patroiaren lana gertutik ikusi zezaketen eta patroiek hartutako erabakiak ondo ikusi. Orain, ordea, bestelakoa da puntuazio sistema. Ontziek egindako distantzia neurtzeaz gain, hiru ziabogetako 100 metroak neurtzen dira eta ziabogetako bataz besteko denbora kalkulatzen dute. Portzentaje txikiena duenak ziabogan bira azkarren eman duena izango da, hortaz, puntu gehien jasoko ditu.

Oraingo neurketa sistema horren arabera Irakoitz Etxeberria da, oraingoz, San Miguel Ligako patroi onena 15 punturekin. Atzetik Kaikuko Asier Zurinaga eta San Juaneko Jon Ormazabal eta Endika Perez daude. Etxeberria da, hortaz, patroien artean baloratuena. 21 urte daramatza oriotarrak taldean eta Orio Arraunketa Elkartean ez ezik, estatu mailan ere izen handia duen patroia da.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide