Aspaldiko ohitura da batel estropadak antolatzea san inazioetan. Donostiako Loiola auzoko festetan 36. aldiz izan da jokoan gizonezkoen bandera eta 14 bider emakumezkoena. Aurten, bi bandera horiek Oriok irabazi ditu, baita kategoria baxuagoetako trofeoak ere.
Loiolatarrak elkarteak antolatutako estropadetan Oriok maila bikaina eman zuen. Infantiletan, mutiletan nahiz nesketan, lehendabiziko sailkatuak izan ziren. Dena den, kategoria horretan ez zuten aurkaririk izan, Oriok bakarrik aurkeztu baizituen batelak. Kadeteetan, ordea, bandera zegoen jokoan eta, gizonezkoetan, batel gehiago aurkeztu ziren.
Oriok ez ezik –bi aurkeztu zituen– Getariak, Hernanik eta Zarautzek ere hartu zuten parte estropadan. Guztiek lortu nahi zuten XXXVI. bandera, baina Orio izan zen helburua lortu zuen taldea. Ibai Tamayoren gidaritzapean fin aritu ziren arraunean Oihan Gozategi, Jokin Azkonobieta, Jon Lizarralde eta Jon Olaizola. Zazpi segundoko aldearekin irabazi zuten estropada.
Nesketan Oriok aurkeztutako bi batelak soilik hartu zuten parte. Bandera hortaz, bai ala bai, Oriok irabaziko zuela ziurra zen. Saioa Sayago, June Arruti, Luda Davidenko, Aroa Fernandez eta Naroa Eizagirrek osatutako A batela izan zen bietan azkarrena.