157 kiloko harria altxa duen lehen emakumea

Karkara 2015ko uzt. 21a, 13:13

Argazkia: sasoian.info

Errekorra egin zuen Idoia Etxeberriak, uztailaren 19an, igandean, Alegian: 157 kiloko errektangularra bi aldiz altxa zuen.

Bere markak hausten eta errekorrak egiten iaioa da Idoia Etxeberria. 2011n 140 kiloko harria altxatzen zuen lehen emakumea izan zen. 2012an, 150 kilokoa altxa zuen, bere errekorra gaindituz. Euskadiko Txapeldun ere izan da bi aldiz. Hori guztia, hogeita bi urterekin.

Pasa den igandean, uztailaren 19an, Alegian, errekorra igo egin zuen. 157 kiloko harri errektangeluarra altxatzen zuen lehen emakumea izan zen Etxeberria. Bi jasoaldi egin zituen, hiru minutuko txanda bakarrean, lehendik ezagutzen zuen plazan.

157 kilo jasotzen dituen lehen emakumea zara. Nola sentitu zinen igandean?

Oso urduri nengoen, normalean baino gehiago. Kontzentrazio aldetik ez nintzen oso gustura geratu; normalean inguruan gertatzen denaz ez naiz konturatzen eta igandean gertatu eta esaten zuten guztia entzuten nuen.

Nolakoa izan zen harrera Alegian?

Lehenago ere izan gara Alegian, erakustaldiak egiten, eta beti oso harrera ona egin digute. Giro polita sortzen da eta igandean ere gustura sentitu ginen jendearen harrerarekin. Poza ematen du horrelako plaza batera joateak.

Zure burua gainditzeko gogoz al zaude?

Erronkak garaitzeko aukera ikusten dugun bitartean aurrera segi nahiko genuke. Azkenaldian hobekuntzak egiten ari garela ikusten dugu eta gustura gaude egindako lanarekin.

Kanpora joateko intentzioa daukazu, ezta?

Bai, Estatu Batuetara. Boisera, hain zuzen. Joseba Ostolaza, Ainhoa Etxabe, Jokin Eizmendi eta ni goaz. Harria jasotzera joateko aukera eman ziguten eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Joan aurretik baditut hainbat erakustaldi, eta haietaz gozatu nahi dut AEBetara joan aurretik. Beraz, ez ditut errekor gehiago bistan, oraingoz.

Tolosaldeko Atariak errekorraren momentuko bideoa egin zuen:

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide