Udaran hondartza inguruko aparkalekuek TAO funtzionamendua izaten dute. Autopistatik zatozela, biribilgunetik eskuinera gelditzen den zonalde horretan guztian TAO binetak ez dituzten autoek ordaindu egin behar dute 10:00etatik 20:00etara bitartean aparkatu ahal izateko.
Iaz, Orain plataformak, futbol zelai ondoko aparkalekuan sistema hori ezartzea proposatu zuen. Orioko EH Bilduk eta EAJk, ordea, ezezkoa azaldu zuten.
Aurten, berriz egin du proposamena Orain taldeak eta EAJ alde agertu da. Bilduk iaz izandako jarrera berbera izan du, ezezkoa berretsi du. Baina, Orainen eta EAJren onespenarekin, uda sasoian TAO sistema egongo da Mendibeltzeko aparkaleku handian. 10:00etatik 20:00etara binetak ez dituzten autoek aparkatzeagatik ordaindu beharko dute, hortaz.
TAO bineta eskuratu dezakete herrian bizi direnek, baina baita bizi ez direnek ere. Kanpoan bizi diren oriotarrek, Aian erroldatuta daudenek, Orion bizi baina enpresako autoa dutenek, Orion lan egiten dutenek eta kanpinean partzela iraunkorra dutenek ere eskuratu dezakete. Bineta izateko udaletxera joan behar da eta 42 euro ordaindu behar dira.