Arremanitz kooperatibako kide da Ibon Arrizabalaga. Hernani Institutuko batxilergoko ikasleek sortutako Liletak taldeko begiralea ere bada. Bi proiektuek tratu onak dituzte oinarrian, eta berdintasuna helburu. Denok begi berdinekin begiratu dezagun eta modu berdinean ikus gaitzaten, kanpaina berezi bat jarri dute martxan, Arrizabalagaren laguntzarekin, Hernaniko ikasleek: Bilioi bat besarkada.
Kanpainan besarkaden argazki bilketa masiboa egiten ari dira, hainbat bidetatik besarkaden argazkiak jasotzen dabiltza: twitter bidez, emailez edo facebookera igota. Otsailaren 14a bitarte jasoko dituzte argazkiak, Maiteminduen Egunera bitarte. Argazki horiekin guztiekin bilduma erraldoi bat osatu nahi dute, emakumeen aurkako biolentzia geldiarazteko.
Hernanin du hazia proiektuak; baina Hernanin sustraitu den arren, ahalik eta gehien hedatzea da beren xedea. Arrizabalaga oriotarra den heinean, Oriora iritsi da mugimendua.
Nola hartu parte?
Esan bezala, hainbat bidetatik egin daiteke bat ekimenarekin. Facebooken Liletak Hernani profilera argazkiak elkarbanatuta, liletakhernani@gmail.com helbidera argazkiak bidalita edo twitterren #BilioiBatBesarkada eta #Liletak traolak erabilita.