2014 urteko azken hondarretan izan ziren Sanikolasak; abenduaren 5ean, San Nikolas bezperan, deiadarrekin iragarri zuten festen hasiera. Lau egun iraun zuten, San Nikolas hirugarrenean Pello eta Nikolasa kalez kale ibilita agurtu baitzen festa.
Orain, ia bi hilabetera, jaien balorazioa egiteko garaia da. Udaleko Kultura sailak bilera deitu du, gaurko egunez, astelehenarekin, arratsaldeko 18:30ean, Kultur Etxean. Herriko eragile eta talde guztiak gonbidatu dituzte balorazioa egitera.
Baina, horrez gain, etortzear dagoen jaiaren inguruan ere hitz egingo dute bileran. Inauterietako ekitaldiaren antolaketari buruz hitz egin nahi du Kultura sailak bertara hurbilen direnekin. Aurten, otsailaren 14an, larunbatean, izango da.
Orioko Udaleko Kultura sailak bi gai horien inguruan hitz egin nahi du gaurko bileran. Bai San Nikolasen balorazioa, bai Inauterien antolakuntza ongi egiteko, herriko eragile eta talde guztiak gonbidatzen ditu bilerara.