Azkue Brasilgo mundialera

Karkara 2015ko urt. 12a, 11:56

Argazkia: Alvaro Bermejo

Junior mailako munduko eskubaloi txapelketa jokatuko du Bidasoako jokalari oriotarrak.

Ikaragarria. Honela definitu du larunbatekoa Jon Azkuek. Brasilen jokatuko den mundialean izango da oriotarra, asteburuan Portugali 22-28 irabazita. Partidaren hasieratik alde polita lortu zuen Espainiako Selekzioak. 6-7 goleko errenta atera genien hasieran, eta horrelako aldearekin jarraitu genuen partida guztian, azaldu du Azkuek.

Norgehiagokaren lehen minututik oriotarra izan zen selekzioko gidari. Ikur eta izar. Partidako jokalari onena izendatu zuten Azkue, MVP. Oso pozik hartu nuen albistea, nahiz eta garrantzitsuena taldea sailkatzea zen, aitortu du. Dena den, horrelako saria jasotzea beti seinale ona dela gaineratu du. Ondo jokatu beharreko partida zen, eta oso mentalizatuta nengoen hala jokatu behar nuela. Egia esan, oso gustura amaitu nuen egindako lanarekin.

Epaileen aitortza ez ezik, entrenatzailearena ere jasotzen du partida guztietan. Konfiantza osoa du beregan eta minutu asko jokatzen ditu. Alde horretatik ezin naiz kexatu, beti erakutsi du nigan konfiantza handia duela eta horrek asko lasaitzen nau, aitortu du eskubaloi jokalariak.

Ilusio berezia egin dio oriotarrari mundialerako txartela eskuratzeak, izan ere, junior kategorian jokatu dezakeen azken mundiala da aurtengoa. Horregatik, gogo berezia dut mundial hau jokatzeko. Udaran izango da Brasilgo mundiala eta txapeldun izateko borrokatzeko prest dago oriotarra; irabazteko asmoarekin joango da.

Babes keinuak sare sozialetan

Twitterren, esaterako, zorion-txioak jaso zituen oriotarrak. Berak ere garaipena eskuratzean poza plazaratu zuen sare sozialetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide