Normalizazioaren helburua erabilera hedatzea da, jakitetik hitz egitera igarotzea. Euskal hiztunen kopuruak gora egitea da Ulibarri programaren xedea, eta jomuga horrekin bat egiten du Zaragueta Herri Eskolak. Euskararen erabileraren gaineko kezka dute Zaraguetan. Beren egunerokoan euskararen alde egiten dute, eta horren osagarri, hamaika ekimen eraman dituzte aurrera normalizaziorako bidean. Azkena, Ulibarri programan sartzea izan da.
Edonor aurkeztu, gutxi batzuk sartu
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bideratzen duen programarako sarrera mugatua da. Edonor aurkez daiteke, librea da, izan eskola publikoa edo kontzertatua. Sartu, ordea, gutxi batzuk egiten dira; eta krisiarekin, are gutxiago.
2008an ireki zizkieten ateak Zaragueta Herri Eskolari. Behin ikastetxearen komunitate osoa hartzen zuen diagnosia eginda, lortu zuten Ulibarri proiektuan sartzea. Azterketan eskola osatzen zutenen ezagupen eta erabilpen maila neurtu zuten. Urte berriarekin hasi eta udaberrian aurkeztu zuten.
Lau urteko perspektiba duen plana
2010ean 2014ra begira jarri ziren Zaraguetakoak. Zer hobetu nahi dugu? Zer aldatu? Normaltasunerantz lehen urratsa helburuak finkatzearekin eman zuten. Urtez urte mamitzen joan da lau urteko plana eta aurten, 2014an, bukatu dute.
Orain, berriz ere ebaluzioa egitea egokitu zaie, eta emaitzek plana eraginkorra izan dela diote. Kanpotik lore ugari jaso dituzte, baina etxe barruan kezka ez da uxatu. Gazteleraz hitz egiten duten asko hasi dira Zaraguetan ikasten, eta bi hizkuntzen artean, askok gaztelera aukeratzen dute. Balantza erdarara joateak arduratu egiten ditu.
Ingurua gazteleratzearen kaltea
Ez dakienak, ez du erabiliko; eta jatorri erdalduneko familia asko ari da eskolan izena ematen. Giroa erdaldundu egiten du horrek, batez ere gaztelaniaz hitz egiten badute. Besteek hizkuntza hori ere badakitenez, erabili egin dezakete, eta inguru guztia gazteleratzen da.
Horri buelta emateko beharra ikusten dute Zaraguetan. Haur guztiek, gutxienez, euskaraz hitz egiteko gaitasuna izatea bermatu behar dute; ondoren, ohituretan eragin. Bien artean hautatu behar dutenean euskara aukeratu dezaten lan egin behar dute. Horregatik, aurten ere, plan bat jarri dute martxan.
Ulibarri, erabilera sustatuko duen proiektua
Burutik nahiz bihotzetik, euskara ahora eramateko xedea du programak. Ondorengo lau urteetako planarekin ere erabilera handitzea da eskolakoen desioa. Planaren barruan hainbat lan ildo markatu dituzte: eremu insituzionala, eskolako kideak, beste langileak eta eskolaz kanpoko jarduerak.
2018 urteari begira lau adarreko plana
Eremu instituzionalean aktak eta dokumentuak nola sortu eta idazten diren hartzen da kontuan. Alor horretan berdin jarraitu nahi dute Zaraguetan, bide onetik baitoaz.
Eskolako kideen artean ikasleak, gurasoak eta irakasleak daude. Zaragueta Herri Eskolako haurrak dira irakasleen kezka nagusia. Gurasoek eragin handia daukate haurren ohituretan; euskararekiko jarrera positibo eta aktiboa badute, seme-alabek euskarara joko dute. Gurasoak eredu dira seme-alabentzat, eta, horregatik, berekin hasi dira lanean. Irakasleak erronka berri horiei aurre egiteko etengabeko formakuntza jasotzea ezinbestekoa da, eta buru-belarri dabiltza horretan lanean.
Eskolako beste langileek –zaintzaileek, garbitzaileek– euskara erabiltzea sustatu eta bermatu behar dute.
Azkenik, eskolaz kanpoko jardueretan, zaindu egin behar dute euskararen erabilera. Esparru honek asko kezkatzen ditu irakasleak, ikasleak jada eskolako lau paretatik kanpo baitaude. Gela barruan gidaritza irakasleak daramala diote, eta errazagoa da ikasleek euskaraz egitea. Kanpoan, ordea, libreak dira eta aukeratu egin dezakete.
Ez da erronka erraza Zaraguetan dutena, adin bakoitzean helarazi behar diren mezuak ezberdinak baitira. Adin-tarte bakoitzarekin lanketa zehatz bat egiten dabiltza, 2018an datu hobeak izateko.
Merezi duen programa
Ulibarri programan sartzen beste perspektiba bat hartu dutela diote Zaraguetako irakasleek. Helburuak finkatu eta horiek lortzeko planak egitera derrigortzen zaitu, hau da, bai ala bai kontantzia bat mantentzera, dio Marije Azkuek. Betidanik egin dute euskararen alde Zaraguetan, baina orain euskarri erabilgarri bat daukate eta horri zukua atera nahi diote.
Beste 400 ikastetxe inguru daude programa horretan eta harremana dute elkarrekin. Zarautzeko Berritze Gunea zentroan elkartzen dira eta esperientziak partekatzen dituzte. Besteengandik ikasteko aukera dute, egiten dutenaren berri izatekoa eta beste tokietako proiektuak Zaragueta Herri Eskolara ekartzekoa.
Oro har, aberasgarria egiten ari zaie esperientzia.