Barran aldapa egingo da

Karkara 2014ko abe. 10a, 08:32

Barra hasieratik aldapa egiten ari dira, bi metroko altuerara iritsi arte. Honela, herritarrek pasealekuaz gozatu ahal izango dute. Argiak eta esertokiak ere egongo dira ibiltokian.

Iazko neguan denboraleak bortizki jo zuen euskal kosta. Kalteak ekarri zituen Orion, larriena, barraren haustura. Zulo handi bat egin zuen. Portu Zuzendaritzari dagokio kontradikearen konponketa. Presazkoa da obra, negua baitatorkigu gainera, eta denboraleak hasi baino lehen amaitzea komeni da.

Uztailean bidali zuten proiektua udaletxera Portu Zuzendaritzakoek. Proiektuak barraren itxura aldatzen zuen eta erabilera mugatu, izan ere, aurkeztutako proiektuan barra bi metro altutu eta lau zabaldu nahi zen. Orioko Udala ez zegoen ados Portu Zuzendaritzak hartu nahi zituen neurriekin. Udalaren asmoa ez zen barra eraldatzea, berregitea baizik.

Espigoia oinezkoentzat pasealeku ederra zen, eta ez zuen hori galdu nahi Udalak. Hartu emanean jarri eta adostasun batera ailegatu dira. Lortu dute ibiltokiaz gozatzeko aukera izatea, bi metroko harresiaren ordez ibiltokia herritarrentzat irisgarria egiten. Barra hasieratik aldapa bat egiten ari dira, bi metroko altuerara iritsi arte. Honela, pasealekua ibiltzeko moduan egongo da.

Pasealekuan argia eta bankuak ez dira faltako. Barra guztian zehar jarriko dute argia, eta baita, esertzeko tokia ere, azken metroetan izan ezik.

Itsasaldiak hautsitako barra

Itsasoa harrotu zuen pasa den urteko denboraleak. Olatu handiak eta indartsuak sortu zituen, eta horiek hautsi zuten barra. Honela geratu zen:

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide