Sanikolasak

Errekor saiakera berria egingo du Idoia Etxeberriak

Karkara 2014ko abe. 4a, 08:30

San Nikolas jaiak hastearekin batera, deiadarra amaitutakoan, harri-jasotzaile oriotarrak lehendik duen errekorra gainditzen saiatuko da 9 arroako –112,5 kilo– harri kubikoarekin. Deiadarrean ere bera izango da omendua, saiakeragatik.

Non dago orain arteko errekorra?

Orain artekoa 100 kilotan dago. Martutenen lortu nuen urriaren 12an.

9 arroako harri kubikoarekin errekor saiakera egingo duzu. Zergatik kubikoa?

Betidanik atentzioa deitu didan harria da. Jasotzeko behar den teknikagatik edo zailtasunagatik agian. Harri bat aukeratzeko eskatzen didatenean beti kubikoa hautatzen dut.

Desberdintasun handia dago harri batetik bestera?

Bai, eta asteburu honetan egin behar ditudan errekor saiakerek badute aparteko zailtasun bat. 24 orduren barruan bi ahalegin egingo ditut, eta oso harri desberdinak izanik, entrenamenduak ere halakoak izan dira. 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko kopa izango ditut aurrean, bata Orion eta bestea Mendaron.

Beti alboan izaten dituzu anaiak. Zuretzat laguntza handia dira?

Garrantzitsuena ondoan daudenek konfiantza transmititzea da. Anaien hitz soil batek edo begirada batek izugarri laguntzen didate momentu horietan. Ondoan izango ez banitu dena zailagoa egingo litzaidake.

Oraingoan anaiak eta gertuko guztiak izango dituzu, plazan izango baita...

Bai eta pozgarria da herriak aukera hau ematea. Detaile polita izan da gurekin gogoratu izana. Orion, herriko plazan.

Etxean izateak erosoago ala urduriago jartzen zaitu?

Ez nau urduritzen. Gainera, behin kontzentratuta ez gara inguruan gertatzen den ezertaz konturatzen. Lehen herrian jarri ditudan marketako egunak politak izan dira, eta ea hau ere halakoa izatea lortzen dudan.

Gogor entrenatu zara horretarako?

Zerbait lortu nahi bada beti egin behar izaten da lana gogor. Baina esaera zaharrak dioen moduan: gustuko tokian aldaparik ez...

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide