Ikastola aurreko plazan hasi eta plaza horretan amaituko da Orioko Herri lasterketa, abenduaren 13an egingo dena. Bi ibilbideren artean aukeratu daiteke, luzea edo motza. Luzeak 14 kilometro ditu eta motzak zazpi. Biak erabat lauak izango dira.
Ikastola aurreko plaza izango da irteera puntua. 16:00etan hasiko dira lehen lasterkariak korrika. Hondartzara joan-etorria egin eta Anibarko portura joan eta buelta egin beharko dute. Ibilbide luzea egin behar dutenak itzuli hori bi aldiz egin beharko dute; lasterketa motzagoa egin nahi duenak, ordea, itzuli bat.
2011n egin zen lehen aldiz lasterketa. Ordutik, urtero egin da. Aurtengoa laugarren edizioa izango da eta berritasunekin dator, haurrek ere korri egiteko aukera izango baitute.
Hiru lasterketa haurrentzat
2007-2008 urtean jaiotako aurrek 300 metroko lasterketa egiteko aukera izango dute. 2005-2006 urtean jaiotakoak 600 metro inguruko ibilbidea egin beharko dute. Zaharrenek, 2003-2004 urtean jaiotakoek, 1000 metroko lasterketa egin beharko dute.
Horiek guztiak ere ikastola aurreko plazan hasi eta amaituko dira, helduenak bezala. Haurrenak arratsaldean izango dira, 15:45 inguruan.
Izen ematea zabalik
Izena egunean bertan eman daitekeen arren, lasterketa baino ordubete lehenago-edo, internet bidez jada eman daiteke izena. Kirolprobak.com webgunean sartu eta Orioko Herri lasterketa bilatuta zure dortsala eskura dezakezu.