Ez da posible izan

Karkara 2014ko abe. 1a, 16:08

Euskal Herriko triki txapelketa izan da Zaldibarren. Artadiko txapelketan lehen lau postuetan sailkatutako bikoteek lortu zuten Zaldibarren lehiatzeko aukera. Artadin txapeldunen txapela jantzi zuten Julen Alonso eta Eneritz Aulestiak, baina Zaldibarren ez da posible izan.

Azken aukera zen aurtengoa, azken aldia Zaldibarko lehiaketan parte hartu zezaketela. Trikiaren gailurra omen da lehiaketa hori. Beren asmoa gailurraren puntara igotzea zen, baina maldan geratzearekin konformatu behar izan zuten. Porrotak garratzak izaten diren arren, pozik dago oriotarra. Izan ere, bikotea ohartu da geroz eta gehiago gozatzen dutela taula gainean elkarrekin.

Aulestiak 19 urte ditu, eta Zaldibarko txapelketara 20 urte azpikoak aurkeztu daitezkeenez, aurtengo zen bikotearen azken urtea. Nik datorren urtean aurkeztu ahal izango dut beste pandero-jotzaile batekin, baina nahiago dut berekin hasitako ibilbidea berekin bukatu. Ez dut beste batengatik ordezkatu nahi, argitu du Alonsok.

Txapelketa honi amaiera biribila eman nahi zien. Txapela, ordea, Debako bikoteak jantzi zuen. Denak zioten txapela merezi genuela, baina tira, egindakoarekin konformatu behar, aitortu du oriotarrak. Izan ere, egindako lana txukuna zen oso. Bertaratutako guztiek azpimarratu zuten bikote oriotarraren lan ona.

Eneritz Aulestiak Julen Alonsori

Soinu handia hartuta
zazpi urteak baino lehen
ikusi notak elkartzen
zeren gustura dabilen
gerora soinu txikiak
erraz hartu dio gailen
deabruen musikari
bihurtua zaigu Julen!

Plaza gainezka badago
entzulea barra-barra
begira non zabaltzen den
Eneritzen irrifarra
hasi guztiak dantzari
eta atera sugarra
nire eskura baitator
zuen pausoen indarra!

Orain dela hiru urte
hasiak ginen batera
eta gustura gabiltza
kontuak zuek atera
azkenean gu zer garen
egin ezkero galdera
trikitiak batu gaitun
anaia eta arreba!

Hamaika entsegu eta
emanaldiak medio
trikitiaren beroak
bihurtu gaitu sozio
ikusi gure jardunak
zertarako dun balio
infernuko hauspoari
eragin ezaiok rubio!

Gurasoei mila esker
bada nahikoa motibo
trikitizaleei berdin
zuei esker nahiko giro
Zaldibarren azken aldiz
nahiz oholtzaraino igo
beste plazaren batean
izango gara berriro!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide