Kontzertu, jaialdi edo bestelako ekitaldiak antolatzeak sortzen dituzten beldurrak alde batera utzita, zorionak jaso zituzten Gure Bazterrak jaialdiko arduradunek pasa den larunbatean, azaroaren 29an. 485 sarrera saldu zituzten, eta kiroldegiaren ia edukiera osoa bete. Gure helburua taldeak eta ikusleak gustura egotea zen, eta jaso dugun feedbackaren arabera hala izan zen. Oso pozik gaude, dio Maider Villaverdek, antolatzaileetako batek.
Moby Dickek ireki zuen jaialdia, oraindik jendea iristen ari zenean. Kiroldegiaren handitasunean ez zen goxotasunik falta izan getxotarraren kontzertuan. Ezta Giranicerenean ere; Oriotarren instrumentuek martxan jarri zituzten ikusleak. John Berkhout oiartzuarren txanda izan zen ondoren, jaialdiaren erdia markatuz. Ordura arte bizi zen giro lasaiari bultzada eman zioten, Skasti eta Grises taldeek, hurrenez hurren, bertaratutakoak dantzan jartzeko bidea eginez. Jaialdia amaitu ondoren Kalakari tabernara pasa zen dantzaldia; Las Marines, Maria eta Ines, aritu ziren beren gustuko musikarekin giroa berotzen.
Euskal Herrian musika zabaltzeko helburuarekin sortu zen egitasmoa, eta jaialdi handia pasa den arren, Gure Bazterrak hasi besterik ez da egin. Villaverderen hitzetan, jaialdia urtero egiteko asmoa dugu, agian data edo kokalekua aldatuta. Bestalde, baditugu beste hainbat proiektu: Zarautzen musika instrumentalaren ziklo bat egitea eta gastronomia eta musika uztartzen dituen ekimen bat antolatzea, adibidez.
Argazkiak: Iker Gurrutxaga