Zergatik joan zinen Miamira? Zertara?
Oporretara joan nintzen, arreba han dago eta bisitatzera. Konbentzitu egin nahi nindun bertan geratzeko, baina nik ikastolan lana neukan eta ez zen nire planetan sartzen. Hara joandakoan izugarrizko aukera nuela ikusi nuen eta geratzera erabaki nuen. Dena utzi eta han gelditzea.
Aukerak ze arlotan?
Kirolean eta lanean.
Baina itzuli egin zara... denboraldi baterako ala geratzeko asmotan?
Bi aukera ditut Miamin egoteko: hiru hilabeteko opor-egonaldia edo bisa batekin. Bisa kudeatzeko denbora behar da, orduan bueltatu egingo naiz. Gero, berriz etorriko naiz Oriora eta ordurako bisa gori-gori egongo da.
Eta han, ze asmo?
Kirol mundua eta psikologia lotzen dituen proiektu bat dut eskuartean, ixtear.
Bi blog dituzu, bi gai horiek tratatzen dituztenak.
Nire bi pasioak kanporatu nahi izan ditut bi blog horiekin. Palabras blogaren gaia bizitza da eta hor psikologia egongo litzake. Bestearena kirola da eta babesleak bilatzea eta jendearen motibazioa bilatzen dira helburuak.
Biak uztartzea ezinbestekoa da?
Errendimendurako eta zoriontasunerako ezinbestekoa ikusten dut. Kirola, gaur egun, tratamendu bat izan daiteke. Ikusi zenbat jende hasten den 38 urterekin, ero moduan, kirola egiten. Hori ez da kasualitatea. Kirolak gauza on asko ekartzen ditu eta horietatik hoberena ez da fisikoa, zure buruarekin egotea baizik.
Erresistentziako kirola egiten duen jendeak bakarrizketa asko edukitzen ditu beren buruarekin eta gizarte honek, askotan, ez digu bakarrik egoten uzten. Ez daukagu denbora horretarako; etxean ere bakarrik gaudenean telebistaren konpainia izaten dugu. Kirolak, zuzenean eta zeharka, zurekin egoteko denbora ematen dizu eta horrek balio handia dauka. Psikologia mamitzen eta ikasten laguntzen digu.
Baina kirola gehiegi egitea ere txarra izango da...
Errendimenduak ekar ditzake ondoriorik txarrenak. Halaber, nik ere ez dut txarra bezala ikusten ordu gehiegi sartzea kirolean, ordainetan zerbait ekarriko baitizu eta irakatsi egingo baitizu hori ez dela hoberena. Gauza txarrek ere dute zerbait ona.
Nik, adibidez, lesio asko izan ditut; 10 urtetan 12. Jende askok esaten dit lesioengatik ez balitz profesional ona izango nintzatekeela, baina ez nuke egindako ezer aldatuko, bizipen horiek asko erakutsi baitidate. Aurrera ateratzen ikasi dut, berriz zerotik hasten.
Gehiegi egitea txarra da, bai, baina gizakia ez dago eginda geldirik egoteko. Nik astakeria asko egin ditut, 30 km baraurik egitea prestakuntza baten ondoren, adibidez; baina nahiago dut hori etxean geldirik, ikasketa sentimental eta mentalari garrantzirik eman gabe egotea baino.
Han nola bizi dute kirola?
Han triatloiko talde hobenetariko batean sartu nintzen eta lehenengo astetik nire entrenamenduak ikusita miretsi egin naute. Estatu Batuetan ahalegina egiten duen jendeari mirespena zor zaio, baloratu egiten da. Orion ere bai txikitatik ezagutzen nautelako, baina Euskal Herrian, oro har, ez dago horrelako errespetua. Han eroi bat zaren bitartean, hemen ero bat zara.
Entrenatzeko dituzten ohiturak ezberdinak dira?
Runninga, triatloia eta crossfita -kalefiten antzerakoa– gaixotasunak dira han, jende pila batek egiten ditu, hiri-tribuak bezala dira. Estatu Batuetako gizartean bi mutur daude: sedentarismoa eta kirol asko egiten dutenak, ez dago tartekorik. Igande normal batean, ordu erdian 600 pertsona ikusi ditzaket Miamiko pasealeku batean korrika. %99 popularra da, maila baxukoa.
Eta baliabideak?
Ez, baliabide materialak ez dira oso ezberdinak. Hori bai, gorputza gurtzen da han, oso zabalduta dago.
Miami 5 milioi biztanle inguruko hiria eta Orio 5.372 biztanleko herri bat...
Orion komunitateak garrantzia handia dauka; Miamin, ordea, bakoitzak helburu bat dauka eta goizero, esnatzean, xede hori betetzera joaten dira. Oso gutxitan erlazionatzen dira lagunekin, oso indibidualak dira. Lanekoak izan daitezke hemengo kuadrilla, baina, halere, taldean oso jende gutxi erlazionatzen da. Bakardade asko dago gizarteak bakardadera eramaten dituelako.
Hortaz, taldean egotea lagungarria da.
Egote hutsa lagungarria da askotan; batzuetan ez duzu hitz egitea ere behar, konpainiak laguntzen zaitu. Hemen kuadrilla elkartzen da eta tabernara joaten da. Banandutakoan, nahiz eta elkarrekin ez egon, bestearen beharra badugu elkarri deitzen diogu. Han ez dago komunitate sentimendu hori. Tabernan taldean sentitzen dira baina etxeratzean loturak hausten dituzte, ez dira ezertarako deitzen.
Hemengo gizartea barrutik kanpora sortutakoa da eta hangoa kanpotik barrura sortutakoa. Hemen taldeak gizarteratzen zaitu eta han lanak.
Guk, ordea, gure denbora librean lana ahaztu nahi izaten dugu
Han denbora librea badago baina ez da hemen bezala. Lanak garrantzia handia dauka eta gero eta gehiago saiatzen bazara, errendimendu hobea baduzu eta ordu gehiago sartzen badituzu, hobeto baloratuko zaituzte. Hemen 8 ordu lan egin ordez 8 eta 10 min egiten badituzu tontoa zara.
Zure arrebarekin bizi zara han Miamin. Zer nolako esperientzia da hori?
Gauza asko erakutsi dizkit niri arrebak, niretzat oso influentzia ona da. Oso pertsona gogorra da bera, oso zuzena. Sentimentalki ere berarekin egoteko beharra nuen, bera urte askoan kanpoan egon baita, gure presentziarik gabe.
Proiektu batean murgildu berri da zure arreba, Piripi izeneko jatetxean.
Estatu Batuetako 20 jatetxe sonatuenetako bat da. Sekulako proiektua da, nire arrebarengatik egin duten apustua handia da. Baina berarentzat ez da berria, beste lau jatetxetako bazkidea ere baita. Leku askotan egon da eta gauza ugari ikusi ditu.
Baditu plater chill batzuk, baina, orokorrean, penintsulako janaria izango da. Euskal sukaldaritzari garrantzia handia emango zaio, horregatik joango da nire laguna den sukaldari azpeitiar bat hara. Kalitatean jarriko da fokua.
Nik uste dut hau hasiera besterik ez dela. Nik beti esan izan dut nire arreba mundu osoan ezaguna izango dela, eta jada bada sukaldaritzaren munduan bada, chef erromesa deitzen die. Ez dut dudarik egiten ezaguna egingo dela.
Noiz jarriko da martxan Piripi?
Hemendik lau astera.
Eta izen hori, nolatan?
Leloa life, live Piripi da. Itxura alaia eman nahi zaio eta jatetxearen diseinua ere bat doa ideia horrekin. Koloretsua izango da. Giro ona transmititu nahi da, ondo jateaz gain gustura egongo zara.
Horra ailegatzeko bide zaila izango zuen, luzea...
Ze zortean duen zure arrebak, esaten didate askok. Ez da horrela. Lana, lana eta lana dago horren atzean; ez dut ezagutu inoiz inor nire arreba baino lan gehiago egiten duenik. Goizeko 7:00etan ateratzen da etxetik eta arratsaldeko 19:00etan iristen da. Denbora badu kirola egiten du, afaldu eta lanean jarraitzen du.Atsedenak ez du inoiz lehentasuna. Baina lanak ekartzen du arrakasta eta ez zorteak. Lana gainezka egiten du, 100 behar bada berak 400 egiten du.Biak oso langileak gara, ez gara geldirik egoten. Hori ez da odol berekoak garelako baizik eta heziketa bera jaso dugulako. Nire aita asko sufritutakoa da eta berak erakutsi digu horrelakoak izatean.
Ilusio handiarekin al dago?
Bai. Hasieratik sortu du jatetxea, lehen pausotik azkeneraino.
Eta hori zen bere helburua?
Badu beste bat hasieratik sortua. Egia da Piripin erabakien %95 berea izan dela, hau izan da orain arte bere proiekturik garrantzitsuena. Berak 200 jatetxe eduki nahi ditu eta ez du brometan esaten. Nik lortzeko kapaz ikusten dut.
Hori da bere ametsa?
Bere ametsa jatetxe propioa edukitzea da, non janari berezia egongo den eta berak harreman zuzena izango duen bezeroekin. Baina nire arrebak amets asko ditu eta ametsetik ametsera ibiltzen da.