Arratsaldeko 19:00etan Kultur Etxea kirolak hartuko du; futbolak, hain zuzen ere. Denboraldi berriari begira jarri dira Orioko Futbol Taldeakoak eta nondik norakoak azaldu nahi dizkiete berekin jokatu nahi duten haurren gurasoei.
Futbola, urtetik urtera indartuz
Mundu mailan indar handiko kirola da, baita Euskal Herrian ere. Herri guztietan zaletu asko ditu, baita jokalari fin asko ere. Orion arraunak izan du, betidanik, indar gehien. Gazteen txikitako ametsa errioan zebiltzan arraunlari haien gisara itsasoratu eta olatu artean paladak ematea zen. Orain ere hala da, baina badira urtez urte sendotzen ari diren kirolak.
Futbola da horietako bat. Orioko Futbol Taldeak urteak daramatza herriko harrobia lantzen. Asko dira Orion hasi eta maila oneko taldeetan dabiltzanak edo ibili direnak. Gaztetatik futbola ezagutzeko eta futbolean jokatzen erakusten die oriotarrei; eta aurten, bide beretik jarraitu nahi dute.
Horretarako, denboraldi honi begira, bilera bat egin nahi izan dute futbolean jokatu nahi duten haurren gurasoekin. Bilera gaur bertan izango da, irailaren 23an, Orioko Kultur Etxean.