Datorren asteburuan, irailaren 27an eta 28an, Orioko Surf Txapelketaren 21. edizioa egingo da, OSTk antolatuta. 10:00etatik 19:00etara, Orioko adin guztietako surflariek beren erakustaldia emango dute Antilla hondartzan.
Urtero berrogeita hamar surflari biltzen dituen txapelketa herrikoian, bost modalitate ezberdinetan parte hartu daiteke: Open –irekia–, Neskak, Sub 16, Body Board –Kortxoa– eta Long Board –Tabloia–. Herritarrei zuzendutako lehiaketa da, hau da, Oriotarrek bakarrik parte hartu dezakete.
Txapelketaz gain, larunbat gauean afaria prestatuko dute antolatzaileek, partaide guztientzat. Finala eta sari banaketa igande arratsaldean egongo dira, eta sariez gain, surfeko taula eta jantzia zozketatuko dira saririk jaso ez duten surflarien artean.
Parte hartu nahi duenak, OSTren hondartzako lokalean eman beharko du izena.