Atzo goizean, asteazkenarekin, ospatu zen Bermeo Hiriko XXXII. Bandera. San Miguel Ligako hemezortzigarren jardunaldia dago jokoan bandera horren atzean, baita play off-a ere. Igoera lortzeko Zumaiako Telmo Deun, Amegrove Club de Remo, Getaria Indaux Viveros San Anton eta Samertolameu lehiatuko dira erlojupeko saio batean.
Azken urteotan bezala traineruek bete beharreko hiru itsas-miliak lau luze eta hiru ziabogatan banatuko dira eta barneko balizak Bermeoko olatu-hormaren parean egongo dira kokatuta.
Igoerako saio hau bukatu ostean iritsiko da Orioren txanda, San Miguel ligako azken aurreko jardunaldia. Lau taldeko bi txandatan banatuko dira: lehenengo txandan Zierbena Bahias de Bizkaia, Tiran Pereira, Portugalete Eulen eta San Juan Iberdrola egongo dira arraunean; ohorezko txandan, aldiz, Cabo, Kaiku Ambilamp, Orio Babyauto eta San Miguel Ligako liderra, Hondarribia Orsa, lehiatuko dira.
Ligari amaiera emateko bi jardunaldi geratzen direnean 183 puntu ditu Hondarribiak. Orio atzetik da, zortzi puntura. Bandera usaintzen du Ama Guadalupekoak baina oraindik ez du esku artean San Miguel Ligako trapua.