Leire Letu: "Niretzat Euskal Herriko gizonezkoen artean dagoen ahots politenetarikoa da Ikerrena"

Karkara 2014ko ira. 12a, 15:36

Iluntzeko 22:30etan Iker Laurobarekin batera kontzertua eskainiko du, ilargiaren argipean, Orioko Galerna jatetxean

Leire eta Iker, Iker eta Leire. Biek duzue ibilbidea beste talderen batekin; zuk Lain taldearekin eta Ikerrek Lauroba taldearekin, besteak beste. Noiz elkartu ziren zuen bideak?

Gure bideak bakoitzaren ibilbidearekin elkartu ziren, hau da, Lain eta Laurobak kontzertuak elkarrekin izan zituztenean. Lagun handiak egin ginen biok. Ikerrek bakarkako lan bat eskuartean duenez, abesti batzuetan berarekin abesteko eskatu zidan eta horrela hasi ginen elkarrekin kontzertuak ematen.

Lain taldeko ahotsa zara, baita Iker bere taldeetako ahotsa ere. Nola uztartzen zarete?

Egia esan oso ondo moldatzen gara. Ez da euskal musikarentzat momenturik xamurrena, krisia dela eta kontzertuak gero eta eskasagoak baitira. Nahiz eta lehentasuna bakoitzaren taldeak duen, musikak bizi duen une honek askotan elkartzea ahalbidetzen digu.

Ze formatutako kontzertuak eskaintzen dituzue?

Beti formatu xumeak dira: bi ahots eta gitarra bat, bi gitarra, perkusioa batzuetan...

Eta kantuak, zuenak dira ala bertsioak egiten dituzue?

Ikerrek bere proiektu pertsonalerako dituen abestiak jotzen ditugu, baita bertsio ezagunak ere.

Bakoitzak bere taldeak, bere ikasketak eta lana... nola antolatzen zarete guzti hau aurrera eramateko?

Unibertsitateko ikasketak amaitu berri ditut, baina orain arte erraz moldatu gara. Nire unibertsitatea eta Ikerren pisua elkarren ondoan zeudenez ez dugu arazorik eduki, eta ziur nago, orain ere ondo moldatzen jarraituko dugula.

Zer da zuentzat musika?

Musika nire hobbya da, aldi berean lanean edo ikasten baikaude; baina musika bizitzeko modua ere bada, ezingo nuke musikarik gabe bizi. Hobbya baino zerbait gehiago dela esango nuke, hortaz.

Eta Ikerrekin batera jotzea, zer da hori zuretzat?

Izugarrizko plazerra, sekulakoko ohorea. Niretzat Euskal Herriko gizonezkoen artean dagoen ahots politenetarikoa da Ikerrena, eta, gainera, bien ahotsen enpastea entzutea eta gozatzea izugarria da. Beti nago kontzertuak noiz aterako zain, berarekin jotzeko irrikitan egoten naiz.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide