Anartz Larrea: "Arraunketa ondo egin genuen baina distira falta zitzaigun"

Karkara 2014ko ira. 13a, 08:03

Errenteriarra da Anartz Larrea (Errenteria, 1978) eta San Juanen ontzian urte mordoa eman zituen arren, Orion ere motxila estropadaz bete du

Golpe gogorra jaso ostean burua altsa eta Donostiako uretan arraun egiteko gogoz dago errenteriarra. Kontxako Estropada berezia da arraunlariarentzat eta banderaren lehiatik kanpo geratzea tristea den arren, pasa den igandekoak ahaztu eta igande honetan txanda irabaztera atera behar direla aitortu du.

Kontxako bigarren igandea ate joka daukazuen honetan, egin dezagun atzera begirakoa. Zer gertatu zen pasaden igandean?

Ez genuen estropada txarra egin; ez onena, baina ezta txarrena ere. Bi minututan Hondarribiak aldea atera zigun, eta tarte hori handituz joan zen estropadan zehar. Lehen txandakoen denborak ez genekizkien, eta lehendabizikoarekin –Urdaibai– 19 segundoko tartea genuela jakin genuen arranplara iristean. Golpe handia izan zen.

19 segundo tarte handia da...

Banderaren lehiatik kanpo geratu ginen eta hori zen lehenengo igandean pasatzen utzi nahi ez genuena, lehian egotea. Pena handia hartu nuen. Igande honetan ezinezkoa izango zaigu bandera eskuratzea, horretarako baldintzak ere muturrekoak izan beharko lirateke, lau metroko olatuak esaterako. Itsaso barea dago emanda, orduan, gure helburuak aldatu behar izan ditugu.

Zuen helburua hasiera batea ez zen, orain?

Txanda irabaztera joan gara, gai ikusten gara horretarako, ea lortzen dugun. Behin gure tanda irabazita sailkapen orokorrean posturen bat aurreratzea ez legoke gaizki. Horren bila joango gara, hori bai, zer gertatuko den... nork daki. Kontxan edozer gertatu daiteke.

Taldean nola daramazue hori, golpe gogorra izan da?

Oso. Estropadaren biharamunean hitz egin genuen gertatutakoaz. Ez genuela estropada txarra egin pentsatzen genuen guztiok, baina atera diguten aldea handia da oso. Igandera begira jarri ginen, hobetu beharreko gauzetan jarri genuen fokua. Arraunketa ondo egin genuen baina distira falta zitzaigun. Horretan jardun gara lanean aste honetan, txipa hori lortzen. 

Arantza sartuta geratu zaizue al zaizue?

Bai... Ligan ikusten denaren arabera, lehen lau postuarengatik lehian gaudenaren eta ondorengoen arteko desberdintasuna handia da. Lehen lauen artean, aldiz, oso parekatuta ibili gara. Hori kontuan izanda, laugarrenak geratu ginela ikustea pena bat da. 

Liga, ordea, oraindik ez da amaitu. Zu eta Hondarribiaren artean al dago lehia?

Kontuan hartuta Urdaibai ez dela egongo eta Hondarribiari bost postuko aldea atera beharko dizkiogula... liga ere ia ezinezkoa daukagu. Puntu asko galdu genituen Hondarribiako asteburuan; Nojan Urdaibai sartu zitzaigun eta Hondarribian bost puntuko aldea atera ziguten. Guztira zazpi puntu dira, asko.

Horrez gain, Hondarribiak egin duen denboraldia itzela izan da. Izugarrizko izan da, uztailetik aurrera gora joan dira, etenik gabe. Horrelako aurkariei irabaztea oso zaila da.

Oro har, egindako denboraldiarekin gustura zaudete?

Gure helburua, liga hasieran, gutxienez estropada guztietan bandera edo tanda irabaztea zen. Astebururo ohorezko txandan egon gara, indartsuenen artean, eta askotan oso gutxi falta izan zaigu emaitza borobiltzeko. Sanxenxon eta Orion tanda irabazi genuen baina Urdaibai aurretik sartu zitzaigun, Nojan ere bigarren izan ginen txandan eta orokorren hirugarren geratu ginen... Zapore gazi-gozoa daukat. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide